'Balentziagaren itsasoa' egun erdiko bisita gidatua eskainiko dute uztaileko eta abuztuko igandeetan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 10a

'Balentziagaren Itsasoa' ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Getariako alkate Nika Lertxundik, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Cristobal Balentziaga Museoko zuzendari Miren Vivesek. (Cristobal Balentziaga Museoa) Cristobal Balentziaga Museoak Balentziagaren itsasoa ekimen turistiko kulturala antolatuko du uztaileko eta abuztuko igadeetan. Egun erdiko irteera izango da eta bisitariak Donostiako portutik aterako dira eta itsasoz Getariara joango dira. Bertan, Getariako alde zaharra ezagutu eta bertako produktuak dastatu ondoren, Cristobal Balentziaga Museoa bisitatuko dute. Ekimenean parte hartzen duten bisitariek gidari bat izango dute lagun bisitan zehar eta honek moda sortzailearen biografia, paisaiaren xehetasunak eta bestelako kultur alderdiak azalduko dizkiete euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez. Egitaraua - 09:30etik 10:45era, itsasaldia Donostiatik Getariara motor-ontzian. - 11:00etatik 11:30era, bertako produktuen dastaketa Getariako portuan. - 11:45etik 13:00etara, bisita gidatua Cristobal Balentziaga Museoan. - 13:45etik 15:00etara, itsasaldia Getariatik Donostiara motor-ontzian. Igandetan egingo dituzte irteerak eta igande honetan egingo dute lehen txangoa. Bidaia bakoitzean 39 lagunentzat tokia izango da eta arduradunek jakinarazi dute 2016ko udan eskaintza zabaltzeko asmoa dutela. Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek 35 euro ordaindu beharko dituzte egun erdiko bisitagatik. 13-18 urte bitartekoek, ikasleek, langabetuek, erretiratuek eta pentsiodunek 30 euro eta Cristobal Balentziaga Museoko lagunek eta 2-12 urte bitartekoek 25 euro. Parte hartu nahi dutenek erreserba egin dezakete Cristobal Balentziaga Museoan bertan, 943-008840 telefono zenbakira hots eginda edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com. Arduradunek erreserba aldez aurretik egitea gomendatzen dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide