Larunbatean Gure Txeru elkarteak antolatuta 2015eko areto futbol txapelketako, V. Florenen Omenezko, finalak jokatu zituzten Getariako frontoian. Eguraldi ederra egin zuen kirol hitzorduan eta jendetza bildu zen partidak ikusteko. Aurtengo V. Florenen Omenezko Ligako txapelduna Txoko taldea izan da. Honek Taxko taldeari 5- 4 irabazi zion finala.
Bestalde, ligako 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka Elkano eta Balearri taldeen artean jokatu zen, eta bosna berdindu zuten; penaltietan Elkano taldea gailendu zitzaion Balearriri. Horrez gain, Kopako aurtengo txapelduna zein den ere erabaki zuten larunbatean: Izarri da 2015eko Kopako txapelduna, Politena-Dondoni taldeari 5-1 irabazita.
Gure Txeruko kideak «oso gustura» daude txapelketak izan duen harrerarekin. «Getarian tradizio handiko txapelketa da. Gure Txeruk 30 urte inguru daramazki udaberrian areto futbol txapelketa antolatzen, eta herrian guztiz errotuta dago. 15-35 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute txapelketan eta lehia polita ikusteko aukera izaten da», azaldu dute elkartetik.
Jendetza lehia jarraitzen
Urtero otsailean hasten da Gure Txeru elkartea txapelketa antolatzen; norgehiagokan parte hartuko duen talde kopurua zehaztuta dutenean partida egutegia osatzen dute. Aurten, martxoaren 6an abiatu zuten txapelketa. Ostiralero jokatu dituzte partidak, jardunaldi bakoitzean bosna partida: hiru herriko frontoian eta bi Sahatsaga kiroldegian. «Eguraldia izan dugu arazoa», esan dute: «Euria egiten duenean herriko pilotalekua futbolerako arriskutsua jartzen da, eta horregatik bertan behera utzi behar izan ditugu hainbat partida; gero, partida horiek igandetan jokatu dira kiroldegian».
Eguraldiaren gora beherak alde batera utzita, partidak ikustera «jende asko» bildu dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Herriko pilotalekuaren inguruan jende asko ibiltzen da, eta giro ederra egoten da. Sahatsagan jokatzen diren partidak ikustera berriz, gazteak eta txapelketa gertutik jarraitzen dutenak joaten dira».
Datorren urteko txapelketari begira, orain arteko bidea jarraitu nahi du elkarteak. «Beti dago zer hobetua eta orain arte bezala hobetzen saiatuko gara. Oporrak pasatzen direnean, elkarteko kideok bilduko gara, balorazioa egingo dugu, eta 2016ko txapelketan pentsatzen hasiko gara».