Cristobal Balentziagak arte eszenikoetan egindako lan ahaztua argitaratu dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 24a

'Balentziaga eta arte eszenikoak' erakusketak 80 dokumentu eta irudi bildu ditu Getariako museoan. Balentziagak 30 urtez kolaboratu zuen hainbat modalitatetako autore inportanteekin.Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketa zabaldu zuten atzo Getariak...

'Balentziaga eta arte eszenikoak' erakusketak 80 dokumentu eta irudi bildu ditu Getariako museoan. Balentziagak 30 urtez kolaboratu zuen hainbat modalitatetako autore inportanteekin.

Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketa zabaldu zuten atzo Getariako Cristobal Balentziaga Museoan, Donostia 2016 egitasmoarekin lankidetzan. Pedro Usabiaga argazkilaria eta zinema aditua da erakusketaren komisarioa, eta bertan Balentziagak mundu eszenikoarekin izandako harremana bistaratu nahi izan du. Bi urteko ikerketa lana izan da, eta 80 irudiz eta dokumentuz garaiko eszena artearen testuingurua azaltzeko bilduma osatu du. «Askotan uste dugu artista baten lanari buruz dena dakigula, baina beti geratzen da bere lanaren zatiren bat ahaztuta. Horren adibide da Cristobal Balentziagak arte eszenikoen munduan egindako lana».

Cristobal Balentziagak garaiko hainbat artista eta intelektualekin harreman estua zuen, eta hortik sortu zitzaion arte eszenikoen munduan kolaboratzeko aukera. Getariako sortzailea hiru hamarkadetan zehar aritu zen Espainiako eta Frantziako autore garrantzitsuenentzat eta garaiko artistarik ezanguratsuenentzat lanean; besteak beste Jean Cocteau, Albert Camus eta Jacinto Benavente autoreen pertsonaiak jantzi zituen, baita Lola Flores, Antonio El bailarin eta Rocio Jurado bezalako Espainia mailako hainbat artista ere. «Balentziaga modatik aldendu zen dantzarako, musikarako eta antzerkirako jantziak egiteko; izan ere, jantziekin obren testuingurua eta istorioa adierazi behar izaten zuen. Dena dela, berak egindako jantzi guztiek xehetasun bereziak izaten zituzten, Balentziagaren eskua antzematen zen horietan».

Elkarlana giltza

Usabiagak duela bi urte Balentziaga eta Zinema erakusketa zuzendu zuen Getariako museoan, eta hortik abiatuta jakin zuen Balentziagak arte eszenikoen munduan egindako lanaren berri. «Frantziako antikoario batean topatu nuen Balentziagak antzezlan baterako egindako jantzien argazki bat, eta bururatu zitzaidan egunen batean Balentziaga eta arte eszenikoen inguruko erakusketa bat egin nezakeela. Gainera, jakin nuen Balentziagaren artxiboko zahar- berritzaileak zerrenda bat egina zuela sortzaileak Frantzian arte eszenikoen arloan egin zuen lanarekin». Hortik tiraka abiatu zuen ikerketa Usabiagak, eta bidean hainbat erakunde eta norbanakorekin elkarlana ezinbestekoa izan dela nabarmendu zuen aurkezpenean. Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketa urriaren 18ra bitartean egongo da zabalik.

Erakusketaren osagarri, joskintzan trebatzeko bi ikastaro eskainiko ditu Cristobal Balentziaga Museoak. Alde batetik, uztailaren 1etik 5era, anatomia, gorputzaren modelajea eta manikiak eta soingainekoak egiteko teknikak jorratuko dituzte. Berengere Ruffin irakasleak emango du ikastaro teoriko-praktikoa. Bestetik, urrian jantzi eszenikoak egiteari buruzko ikastaroa eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide