Gaur arratsalderako Xabier Ezeizabarrenaren hitzaldia antolatu dute Getariako Gure Esku Dago taldeko kideek 19:00etan Ulpiano eraikinean. Ezeizabarrena zuzenbidean doktorea da, Donostiako Udalean EAJko zinegotzi izandakoa da, eta Gipuzkoako batzarkidea da. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko nazioarteko oinarri juridikoak gaia landuko du Getarian emango duen hitzaldian. Getariako Gure Esku Dago-k mezu argia zabaldu nahi du: «Ekitaldi hauek denek epemuga bat izango dute, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatuko duen eguna. Bitartean, erabakia eta etorkizuna Gure Esku Dago! aldarrikatzen jarraitu beharko dugu. Bide horretan, gipuzkoarrok hurrengo hitzordua ekainaren 21ean Donostian izango dugu».
Piztu ilusioa ekitaldia
Ekainaren 21a egutegian markatuta dute Gure Esku Dago-ko kideek, eta getariarrek joan den ostiralean ekitaldi sinboliko bat egin zuten euskal hiriburuetan egingo diren ekitaldietan parte hartzera animatzeko herritarrak. Izan ere, Berdura Plaza argitu zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.000 kandelarekin. Gainera, ekitaldiarekin Getariako Gure Esku Dago taldeak iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egin zen giza katearen urtemuga ospatu zuen.
Piztu ilusioa! Piztu zure kandela! ekitaldiarekin batera, Joste Egunean ateratako irudiekin Joseba Fuentesek osatutako bideoa aurkeztu zuten. Era berean, herritarren parte-hartze «ikaragarria» eskertu nahi dute Gure Esku Dago taldekoek, eta datorren iganderako lanerako boluntarioak eskatu dituzte.