Getarian erabakitzeko eskubidearen aldeko kandelak piztu dituzte, ekainaren 21ean Anoetara deituz

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 13a

Getariako Gure Esku Dagok atzo egindako ekitaldia 2.000 kandela piztu dituzte getariarrek. Atzo, ostirala, Getariako Berdura plaza erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.000 kandelen argiak argitu zuten. Ekitaldi honekin, Getariako Gure Esku Dago taldeak iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea arteko giza katearen urtemuga ospatu zuen, eta ekainaren 21ean Gure Esku Dagok antolatuta Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak. Piztu ilusioa! Piztu zure kandela! ekitaldiaren batera, Joste Egunean ateratako irudiekin Joseba Fuentesek osatutako bidea aurkeztu zuten. Era berean, herritarren parte-hartze "ikaragarria" eskertu nahi dute Gure Esku Dago taldekoek, eta datorren iganderako lanerako boluntarioak eskatu dituzte. Atzo bezalaxe, bihar (igandea) ere kalean mahaia jarriko dute Getariako Gure Esku Dago taldekoek. Bertan Anoetarako sarrerak eta kamisetak salduko dituzte. Astean zehar, berriz, Harritarte dendan egongo dira guztiak salgai. Anoetarako sarrera erosten duenak, Donostiara egun pasa joateko autobusa doan izango du Getariatik. Autobusak goizeko 10:00etan irtengo du, eta 20:00etan itzuliko da Getariara, ekitaldia amaitu ondoren. Ekainaren 17an Ezeizabarrenaren hitzaldia Bestetik, ekainak 17an, asteazkenean, 19:00etan, Xabier Ezeizabarrenaren hitzaldia antolatu dute Gure Esku Dagokoek, Ulpiano eraikinean. Ezeizabarrena zuzenbidean doktorea da, Donostiako udalean EAJko zinegotzi izandakoa eta Gipuzkoako batzarkidea dena. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko nazioarteko oinarri juridikoak gaia landuko du Getarian emango duen hitzaldian. Getariako Gure Esku Dagokoek azaldu dutenez: "Ekitaldi hauek denak epemuga bat izango dute: Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatuko duen eguna. Bitartean, erabakia eta etorkizuna Gure Esku Dago! Aldarrikatzen jarraitu beharko dugu. Bide horretan, Gipuzkoarrok hurrengo hitzordua ekainaren 21ean Donostian izango dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide