Bihar goiz-eguerdi partean II. Lore eta Artisautza Azoka egingo dute Getariako frontoian. Haurrei zuzendutako tailer berezia ere egongo da topaketan.
Bihar goiz-eguerdi partean Lore eta Artisautza Azoka egingo dute Getarian udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta. 10:00etan irekiko dute azoka, eta 14:00ak ingurura arte kolorez beteko da Getariako frontoia. Iazko bidea jarraituz, landareetan espezializatutako ekoizleek beren eskaintza aurkeztuko dute Getariako topaketan. Mota askotako landareak aurkituko dituzte herritarrek: barnekoak, sasoikoak, usaintsuak eta zuhaizkak, besteak beste. Gainera, horien inguruko informazioa eta zainketa gomendioak jasotzeko aukera izango dute adituen eskutik.Landare postuez gain, artisauak ere bilduko dira biharko azokan. Hainbat diziplina jorratzen dituzten artisauek beren produktuak eskainiko dituzte. Dekolore elkartetik jakinarazi dutenez, horietako batzuk harreman estua dute landareen munduarekin. Izan ere, xaboiak, kosmetikoak, sendagai naturalak, haziak, sendabelarrak, lorezuntzak eta bitxiak egiteko landareak oinarri hartzen dituzte askok era batera edo bestera.
Haurrentzat tailerra
Postuez gain, 11:00etatik 13:00etara Haur Landaketa Tailerra antolatu dute. Bertan gaztetxoek beren loreontzia apainduko dute eta, gero, landare bat landatuko dute, etxera eraman eta bertan zaindu dezaten. Tailerrarekin landareenganako zaletasuna sustatu nahi dute haurren artean, eta haurrei artisautza eta landareen mundua ezagutarazi nahi diete era dibertigarrian. Horregatik, Dekoloreko kideek adin guztietako getariarrak azokan parte hartzera animatu dituzte.