Getariako Eskubide Sozialen Kartak Transatlantic Trade and Investmet Partnership TTIP akordioa ezagutarazteko jardunaldiak antolatu ditu datorren asterako Getarian. Elkarteko kideek azaldu dutenez, TTIP-a Amerikako Estatu Batuak eta Europa «isilpean eta ezkutuan» garatzen ari diren hitzarmena da. «Akordioaren sustatzaileek sinestarazi nahi dute enplegua sortzeko eta oztopo arantzelarioak gainditzeko tresna bat dela. Baina merkatu global eta librea eraikitzen jarraitzeko bidea besterik ez da. Eta herritarron eskubide sozialak dira horretarako ezabatu beharreko oztopo argiena». Ildo horretan, Getariako Eskubide Sozialen Kartak TTIP-ak gizartean eragingo dituen ondorioak azaldu nahi dizkie getariarrei. Datorren asterako antolatu dituzten saioak gaian murgiltzeko lehen urratsa izango dira, eta irailetik aurrera sakontze jardunaldi zehatzagoak antolatzeko asmoa dute.
Kazetarien mahai ingurua
Ekainaren 8an, datorren astelehenean, egingo dute lehen saioa 19:00etan Ulpiano Etxean. Mahai ingurua izango da, eta bertan TTIP-a zer den azaldu eta gaiaz informatzerakoan dagoen informazio gabeziaz arituko dira Argia aldizkariko Unai Brea, Gara egunkariko Mikel Zubimendi eta Berria egunkariko Ivan Santamaria, beren esperientziatik abiatuta.
Bestetik, ekainaren 11rako, ostegunerako, TTIP-a jorratzen duten dokumental laburren saioa eskainiko dute 19:00etan Ulpiano Etxean; eta ondoren, bertako produktuen dastaketa eta gaiaren inguruko solasaldia egingo dute herritarren zalantzak argitzeko.