Giza eskubideen arloan Aintzane Ezenarro getariarrak duen «esperientzia handiagatik» aukeratu du Eusko Jaurlaritzak kargurako.
Aintzane Ezenarro getariarra izango da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Ezenarro Aralarreko legebiltzarkide ohia eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako egungo aholkularia da. Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Ezenarro auekeratu dute zuzendari lane- tarako, «memoriaren, biktimen eta giza eskubideen politika publikoetan konpromiso eta ibilbide sendoa duelako. Gainera, ezagutza sakona eta esperientzia handia du bizikidetza politikak irakasten eta gizarteratzen», esan dute.Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Bilbon izango du egoitza. Azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, inauguratuko dute, baina ekainean bertan hasiko dira lanean. Hiru lan ildo izango ditu: kudeaketa, ikerketa eta dibulgazioa eta lan esparruak 1936ko gerra, frankismoa, ETA ren indarkeria eta legez kanpoko kontraterrorismoa izango dira.
Berria egunkariak jaso duenez, Ezenarrok esan du biktima guztiak hartuko dituela kontuan eta institutuaren helburua izango dela «gertatutakoaren inguruko gogoeta kolektiboa egitea». Ezenarrorentzat, «memoria behar dugu ikasteko eta etorkizuneko gizarte hobe bat egiteko».
Institutuaren helburua
Institutuak hainbat helburu ditu. Batetik, «balio etiko eta printzipio demokratikoetan» oinarritutako politikak diseinatzen lagunduko du. Bestetik, eragile aktiboa izango da demokraziaren garapenean eta askatasunaren kontzientzia zabaltzeko. Hirugarrenik, biktimen testigantzak ondare gisa gorde eta zabalduko ditu eta, azkenik, giza eskubideen defentsa sustatuko du.