Argazkiak: Onintza Lete Arrieta/Hitza
Zeru urdin-urdinarekin iritsi da Euskal Jaia Getariara. Baserritar arropak soinean jantzi, eta festaz gozatzera atera dira herritarrak. Frontoian jan-edan postuak jarri dituzte goiz-eguerdi partean, eta jendeak aprobetxatu du artisau produktuak etxeratzeko: ogia, antxoak, atuna, txorizoa, piperrak, eztia...
Bertan mokadu bat eta trago bat egiteko aukera ere egon da; haragi errea eta txotxeko sagardoa, hain zuzen. Artzapekoak aritu dira sagardoa ateratzen, euskara elkartearentzat sos batzuk ateratzeko.
Irritzi lehiaketa arrakastatsua
Urtero bezala, musikak eta dantzek ere toki garrantzitsua izan dute Getarian. Jendea animatu da taldean dantzan egitera, eta zortzigarren urtez, irrintzi lehiaketa egin dute udaletxe aurrean. Dozena erdi lagun gutxienez animatu da bertan parte hartzera; emakumezkoak gehienak. Eta emakume bat izan da txapelduna: Erika Larrañaga. Sekulako irrintziak eskaini ditu.
14 urtez azpikoetan, berriz, neska-mutil ugarik hartu dute parte. Batzuk probatze aldera; beste batzuk oso egoki aritu dira. Aitor Larrañagak jantzi du txapela azkenean.
Epaimahaikide lanetan musikarekin lotutako bi herritar izan dira: abesbatzako kide Nicolas Larrañaga eta musika bandako kide Leire Etxeberria.
Getariako trikitilari gazteen txapelketako Maria Lasa eta Garazi Otaegi oholtza gainean. (Ibon Errazu Uria)
Arratsaldean Tritilari Gazteen Getariako XVI. Txapelketa jokatu da eta Maria Lasa eta Garazi Otaegi izan dira irabazleak. Bigarren postuan sailkatu dira Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta eta hirugarren sailkatuak Alaitz Urdaneta errezildarra eta Aiala Etxabe zestoarra izan dira.