Berdura Plaza inguruan jendetza bildu da gaur goiz-eguerdi partean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariara sartu orduko argi ikusi zitekeen non eman behar zuten botoa herritarrek. Izan ere, goizean goiz Berdura Plazako hauteskunde mahaiak ireki dituztenetik eguerdi partera arte herritarren joan-etorria etengabekoa izan da inguru horretan. Hiru mahai ireki dituzte eta hirurak Berdura Plazan bildu dituztenez, giro ederra sortu da herriko plazaren inguruan. "Jendetza izan dugu goizean goizetik eta hori albiste pozgarria da, getariarrak gustura etortzen baitira bozkatzera" azaldu du alderdi bateko ikuskatzaile batek. "Mahai guztiak eremu berean biltzea ona dela uste dut, giro ederra sortzen baita herrian hauteskunde egunean".
Getariako alkate eta Getariako EH Bilduko alkategai Nika Lertxundi Berdura Plazan izan da goiz eguerdi partean ikuskatzaile lanetan eta herritarren parte-hartzearekin "gustura" dagoela azaldu du. Eguerdian eman du bere botoa Lertxundik eta gainontzeko alderdikideekin hautestontzien bueltan lanean jarraitu du.
2011ko udal hauteskundeak
2011ko udal hauteskundeetan %80,10ko parte-hartzea izan zen Getarian. EH Bilduk izan zuen herritarren babes handiena 751 boto eskuratuta. EAJ izan zen bigarren indarra 651 botorekin eta Aralarrek 154 boto lortu zituen. Aurten Getariako Independentea (Aralar zena) ez da aurkeztu eta EH Bilduren eta EAJren artean izango da alkatetza eskuratzeko norgehiagoka.