'Ahantzitako Oroitzapenak' kontzertu antzeztua eskainiko dute gaur Getarian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 22a

  'Ahantzitako Oroitzapenak' kontzertu antzeztuaren entsegu orokorra egin zuten asteazkenean. (Egilea: Aiora Larrañaga) «Une hunkigarria» pasako dute gaur gauean CristobalBalentziaga Museoan Ahantzitako Oroitzapenak kontzertu antzeztua ikustera gerturatzen diren herritarrek. «Getariako emakume baten istorioa kontatuko dugu emanaldian, eta uste dut ikusle askorentzat gertuko istorioa izango dela Maritxurena», azaldu Felipe Murillo Elkano Musika Eskolako Abesbatzako zuzendariak. Antzezlana girotzeko emakumearen biografia musikala eskainiko du aldi berean abesbatzak, musikarien laguntzarekin. Patxi Saizen Amaren Sabelean, Maritxu nora zoaz abesti herrikoia, Benito Lertxundiren Itzaltzuko Bardoa eta Esne Beltzaren Ahantzi abestiak eskainiko dituzte, besteak beste. Gaur 22:00etan izango da kontzertu antzeztua, eta sarrerak eskuratu ez dituztenek horretarako aukera dute hiru euroren truke turismo bulegoan, eta ikus- kizuna hasi aurretik museoan bertan. Maritxu eta Maddi gidari Kontzertu berezia emateko gogoa zuten abesbatzako kideek; musikal moduko bat egitea zuten buruan. «Abesbatzan ikasten ari ginen abestiak uztartzen zituen ipuin bat sortu genuen, ipuin-musikatu moduko bat egiteko». Eta, pixkanaka, ideia borobilduz joan ziren. «Testua Uxue Alberdiri eman genion, eta hark ipuina antzezlanera moldatu zuen». Bi pertsonaia sortu zituen; amona eta biloba. Itziar Aizpuru ariko da amonaren paperean, eta Maialen Urbieta izango da biloba. Maritxu eta Maddi amona-bilobak dira protagonistak. Maritxu alzheimerra duen emakumea da, ez ditu gogoratzen bere ingurukoen izenak, ezta bera nor den ere. Baina gogoratzen du zein izan zen. Maritxu bere alabarekin, haren bikotekidearekin eta Maddi bilobarekin bizi da. Amonaren eta bilobaren artean familiako hiru belaunaldiren nondik norakoak azalduko dituzte saioan. Bost urteko ibilbidea Orain dela bost urte abiatu zuten Getariako Elkano Musika Eskolako helduen abesbatza. Getariarrek kanturako zaletasuna izan dute beti, eta horri tiraka azken urteetan urratsa eman eta abesbatza berria sortu dute. «Guk euskal kantak edo atzerriko abesti euskaratuak abesten ditugu nagusiki. Musika motari dagokionez, estilo desberdinak lantzen saiatzen gara», azaldu du abesbatzako zuzendariak. «Gustura gaude, pixkanaka gure bidea egiten ari baikara. Urtez urte gero eta kide gehiago gara, eta hainbat proiektutan parte hartu dugu». Elkano Musika Eskolako helduen abesbatzak bakarka kontzertu gehiegi eman ez baditu ere, Mikel Markezekin eta Eñaut Elorrietarekin kolaboratu du. «Lan polita egiten ari gara, eta gaurko kontzertua garapen horretan beste urrats garrantzitsu bat izango da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide