NIKA LERTXUNDI: «Gure helburua getariarren ongizatea hobetzea da»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 19a

Getariako EH Bilduko alkategai Nika Lertxundi. (Egilea: Aritz Mutiozabal) NIKA LERTXUNDI GETARIAKO EH BILDUKO ALKATEGAIA Duela lau urte hartu zenuen alkatetza. Zer moduzkoa izan da esperientzia? Hasiera bizia izan zen. Denbora gutxian egin behar zen dena, jende berria ginen. Lau urtetan lan asko egin dugu, eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Dena dela, aitortu behar dut oro har esperientzia oso ona izan bada ere, egoera gogorrak ere gertatu direla. Gogoan al duzu markatu zaituen gertakariren bat? Agintaldian zehar ezusteko nahiko gogorrak izan ditugu. Menditxoko luizia, itsasoko denboraleak sortutako txikizioak; bortxaketa bat ere izan zen herrian, eta oso egoera gogorra izan zen Dena dela berriz aurkeztu zara. Une onek txarrek baino pisu gehiago izan al dute erabakia hartzerakoan? Une zailak pasatzeaz gain, herritarrengandik gertutasuna eta babesa ere jaso dut. Agintaldi osoa aztertuta aurrera jarraitzea erabaki dut. Zein izango da hauteskundeei begira Getariako EH Bilduren helburua? Aurkeztuko garen talde guztion helburua hauteskundeak irabaztea dela dirudi, baina nik ez dut horren argi. Gure lehen helburua datorren lau urterako programa osatzea izan da. Behin hori osatu dugunean bertan jaso ditugun neurriak aurrera eramatea izango da helburua; getariarren ongizatea hobetu nahi baitugu. Zein lehentasun zehaztu dituzue datozen lau urtetarako? Alde batetik, etxebizitza babestuen gaia lehentasuna izango da datorren agintaldirako. Agintaldi honetan bideratu dugu gaia eta datozen urteetan belaunaldi berriei eta beharra duten herritarrei begira Sahatsagako bigarren fasean babestutako etxebizitzak egitea dugu asmoa. Bestetik, hirigintza arloan ur zikinen eta euri uren kanalizazio osoa bukatu nahi dugu. Azken urtean errepidean egin diren lanak aurrera pausu handia izan dira, egun uren banaketa ia %80koa baita. Identifikatu ditugu beste zein lan egin behar diren eta horiek eginez gero, itsasora ur garbia edo tratatua botako genuke %100an. Guretzat arlo hori oso garrantzitsua da. Jakin badakigu mota horretako lanak ez direla eraikin handiak bezain ikusgarriak, baina ur zikinen kanalizazio egokia Getariak duen behar bat da, eta hori egiten badugu, urrats garrantzitsua emango dugu ingurumenaren arloan. Ba al duzue beste proiekturik buruan? Kiroldegi inguruari buelta bat eman behar zaiola uste dugu. Getaria herri bizia da, kaletarra. Parke berria egin zenetik herritar asko biltzen da parke inguruan, baita frontoi inguruan eta kiroldegi inguruan ere. Eskolatik ateratakoan haur eta guraso ugari joaten da kiroldegira, eta garrantzitsua iruditzen zaigu eremu horretan aterpe bat egitea. Horrez gain, kiroldegia ere hobetu nahi dugu, eta horri bizitasuna eman. Zer motatako Getaria gustatuko litzaizuke etorkizunean? Garrantzi handia du galdera horrek. Kostako herri askok kanpoko bisitarien bigarren etxebizitzak dituzte. Getarian ez da hori gertatzen, Getarian herri txikietako giroa dugu. Egunean zehar bisitari asko etortzen da, baina ilutzean Getariak 3.000 mila biztanle izaten jarraitzen du; gainera getariarrok herrian geratzeko ohitura ere badugu. Herri txikiaren xarma bizirik mantendu nahiko nuke etorkizunean ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide