Getariako EAJko alketagai Uxoa Larrañaga. (Egilea: Aritz Mutiozabal)
UXOA LARRAÑAGA GETARIAKO EAJ-KO ALKATEGAIA
Zerk animatu zaitu alkategai aurkeztera?
2007tik naiz zinegotzia Getariako Udalean, eta pasa den udan alderdiak alkategai izateko proposamena egin zidan. Erabakia pertsonala bada ere, ingurukoei ere zuzenean eragiten die, beraz senarrarekin eta familiarekin hitz egin, ondo pentsatu eta proposamena onartzea erabaki nuen. Alderdiak egin zuen batzordean aho batez onartu zen nire hautagaitza. Erronka pertsonala da, proiektu bat nuen buruan, eta hori aurrera eramateko alderdia ere prest agertu da. Benetan sinesten dut proiektu horretan, eta hori garatzeko gogoz nago.
Zer ardatz ditu proiektuak?
Urtez urte herrian zehar zer behar dauden ikusteko aukera izan dut, eta hortik abiatuta proiektu oso bat osatu dugu. Alde batetik, uste dut garrantzitsua dela 2007-2011 agintaldian abiatu zen Turismoko Plan Estrategikoa garatzea. Azken urteetan geldirik izan bada ere, oso garrantzitsua da herriaren etorkizunarentzat. Plan horrek herriko hainbat arlotan ekarriko ditu onurak. Ildo horretan, ekintzailetza ere bultzatu nahi nuke. Herrian prestatutako jende asko dago. Gazteek, uda sasoian, zerbitzu sektorean lan egiten dute, baina euren proiektua martxan jarri nahi dutenei lagundu egin behar zaiela uste dut. Udalak lokal asko ditu jabetzan eta horiek herriratu behar dira, ekintzaileek aukera izan dezaten.
Gizarte arloa ere jaso duzue?
Gizarte arloa lantzea ere garrantzitsua dela uste dut. Batetik, krisi ekonomikoak kalte handia egin die zenbait getariarrei, eta egoera horri irtenbidea eman behar zaio. Bestetik, gizartea zahartzen ari da eta etxez etxeko laguntza indartu behar da.
Gainera, etxe hutsen gaia ere jorratu behar dela uste dut. Getarian badira hutsik dauden etxebizitza batzuk, azken urteetan horiek merkaturatzeko modua Hondasun Higiezinen Gaineko Zergari errekargua gehitzea izan da. Uste dut, beste irtenbide batzuk bilatu behar direla etxebizitza horiek herriratzeko eta gazteei herrian bizitzeko aukera emateko, bertako gazteek Getarian bizi nahi baitute.
Garraio sareari ere garrantzia ematen diozu, ezta?
Bai, Meagako errepideaz lanketa egin beharra dagoela iruditzen zait, errepide hori beharrezkoa delako getariarrentzat. Izan ere, kostako errepidea isten denean herria bakartuta geratzen da, eta herritarrak, auzotarrak eta enpresak kaltetuak izaten dira. Ildo horretan, autobus zerbitzua ere indartu nahiko nuke. Trena ez da hemendik pasatzen eta azken urtetan autobus zerbitzua indartu bada ere, ez da nahikoa eta autobus zerbitzua hobetu behar da Donostia aldera, Bilbora eta trenarekin lotura sustatuz.
Neurri horiek denak martxan jartzeko abiapuntua maiatzaren 24ko hauteskundeak izango dira. Zein da zuen helburua?
Aurten Getariako Independentea ez da aurkeztuko eta bi alderdien artean izango da alkatetza lortzeko lehia. Irabazteko gutxienez 11tik sei zinegotzi atera beharko dira, baina horrek ez du esan nahi beste alderdiko hautagaiak alde batera utzi behar direnik. Interes politikoak alde batera utzi eta herriaren onurarako adostasunak bilatu beharko ditugu. Maiatzaren 24a igarotzen denean gure programa oinarri hartu eta elkarlanean zein proiektu bultzatu ditzazkegun ikusi beharko dugu.
Azken agintaldian parte-hartzea oso garrantzitsua izan da EH Bildurentzat. Zuek ere ildo hori jorratuko al duzue?
Parte-hartzea bultzatu beharra dago. Egun politika herritarrengandik oso urrun dago, eta parte-hartzea bi aldeak gerturatzeko bidea izan daiteke, herritarrak egiten dituzten ekarpenen gainean lan eginda. Azken lau urteotan EH Bilduk esan du parte-hartzea bultzatu duela, baina udalean ez dugu hori sumatu. Herritarrekin bilerak antolatu dituzte, ez dakit horietara zein joan den edo parte-hartze zabala izan ote den. Uste dut parte-hartzea bultzatu behar dela herri mailan, baina baita udalean ordezkari direnen artean ere. Aurreko hauteskundeetan bost zinegotzi lortu genituen eta gure iritzia ez da kontutan hartu, urtero aurrekontuak negoziatzeko prest izan gara beti, baina ez dugu inoiz erantzunik jaso.
Etorkizunari begira nolako Getaria nahiko zenuke?
Herritarrek nahi duten Getaria izango da. Nik herri aurrerakoi bat bultzatu nahi dut. Uste dut turismoak aukera handiak eskainiko dizkiola herriari, horregatik arlo hori landu beharra dago. Herria prestatu egin behar da turismo eskaera horri zerbitzu ona emateko, motor ekonomikoa izan daitekeelako. Dena dela, horretarako komertzioak, ostalariak, ekintzaileen proiektuak bultzatu behar dira. Portua eremu erakargarria da, baina eraikinak zaharkituta daude eta horiek denak berritu behar dira erakunde publikoen eta pribatuen artean adostasunera iritsita. Plan zabala eta osoa dut buruan, herriko sektore guztiak hartuko dituena. Horregatik da hain garrantzitsua Turismo Plana ondo lantzea.