Beste ikuspegi batetik

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 15a

Hitzaldi ziklo bat antolatu du Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak datorren asterako. Hainbat herrialderen egoera beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izango da Getarian.Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak urtero bezala jardunaldiak anto...

Hitzaldi ziklo bat antolatu du Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak datorren asterako. Hainbat herrialderen egoera beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izango da Getarian.

Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak urtero bezala jardunaldiak antolatu ditu Getarian, gizarte gaiak ardatz hartuta. Datorren astelehenean hasi eta ostirala bitartean hainbat hitzaldi eskainiko dituzte Ulpiano Etxeko aretoan, eta egitarau zabala eta interesgarria antolatu dute.

Nazioarteko politikan aditu Mikel Aramendi kazetari euskaldunak irekiko du zikloa. Siriako gatazkaren inguruan hitz egingo du; izan ere, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak azaldu duenez, «Sirian gertatzen ari da gure garaiko giza larritasun krisirik handiena».

Hego Ameriketako ahotsa ere izango da jardunaldietan, Bilbon Venezuelako kontsula den Yolanda Rojas Urbinak Venezuelako egoera azalduko baitu. Elan-Euskadiko kideen iritziz «bertako egoera ezagutzeko beharrezkoa da lehen eskuko informazioa ematea». Beraz, Rojas Urbina Venezuelako goi mailako politikaria izanik, komunikabideetan azaltzen den ohiko informaziotik harago beste ikuspegi bat eskainiko du hitzaldian.

«Zer da TTIP-a?»

Ostegunean Xabier Arrizabalok Merkataritza eta Inbertsio Akordio Trasatlantikoa: Merkataritza askatasuna edo esplotaziorako bidea? hitzaldia emango du. TTIP (Inbertsio eta Komertziorako Akordio Trasatlantikoa) zer den eta herritarren eguneroko bizitzan zer eragin izango lukeen azalduko du. «TTIP-eko negoziazioak duela urte eta erdi hasi ziren, isilpean Europako Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean eta presio sozialaren ondorioz zenbait dokumentu argitaratzen hasi dira; oso gutxi hala ere», zehaztu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide