Zilarrezko Antxoa aipamena jaso dute Antonia Iribarrek, Manoli Agouesek eta Getariako Txakolina jatorri izenak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko mai. 8a, 13:57

Txoko Jatetxeko Manoli Agoues Zubeldia, Astillero Jatetxeko Antonia Iribar Larrañaga eta Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente Jose Inazio Manterola Zilarrezko Antxoa oroigarriarekin. (Egilea: Aiora Larrañaga) Gaur eguerdian Antxoa Eguneko ekitaldia egin dute Getariako Cristobal Balentziaga Museoan eta Getariako Txakolina jatorri izenari, Astillero Jatetxeko Antonia Iribar Larrañagari eta Txoko Jatetxeko Manoli Agoues Zubeldiari eman diote Zilarrezko Antxoa aipamena. Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Garapen ekonomikoa eta lehiakortasun Sailburu Arantza Tapia, Getariako alkate Nika Lertxundi eta Getariako Elkano Kofradiako presidente Emeterio Urresti. Antxoa Egunarekin herriaren izaeraren parte den arrainari gorazarre egin diote Getarian. "Antxoa Eguna duela bost urte sortu genuen antxoaren beherakada baten ondorioz. Nolabait antxoa sustatu nahi genuen eta Antxoa Eguna antolatzearekin asmatu egin genuela uste dut" azaldu du Emeterio Urrestik. Bost urtez antxoa sustatzeko lan egin duten herritarrak omendu dituzte Zilarrezko Antxoa aipamenarekin. Horren adibide dira aurtengo omendu Iribar eta Agoues "antxoak prestatzen sukaldari bikainak". Gainera, Elkano Kofradiako presidenteak esan duen moduan "ezin ulertu antxoak txakolinik gabe". Horregatik aurten Getariako Txakolina jatorri izena ere omendu nahi izan dute eta jatorri izeneko presidente Jose Inazio Manterolak jaso du oroigarria elkarteko kideen izenean. Ekitaldi publikoan Nika Lertxundi alkateak eskerrak eman dizkie omenduei "urtetan Getariako herria munduan zehar ezagutzeko egin duten lanagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide