Hiru egunetako egitarauan Mikel Erentxunen kontzertua eta omenaldiak azpimarratu daitezke. Ostiralean da ekitaldi nagusia, eta igandean Arrantzaleen Eguna egingo dute.
Antxoaren kanpainan murgildurik daude arrantzaleak, eta horren harira, Antxoa Eguna antolatu dute maiatzaren 9rako Getarian. Egun nagusia ostiralekoa izango bada ere, ospakizunak asteburu osora zabaldu dituzte.Ostiralean Antxoa Eguneko ekitaldi nagusia egingo dute Cristobal Balentziaga Museoan. Bertan Zilarrezko Antxoa-ren aipamena emango diete Getariako Txakolina jatorri izeneko kide Antonia Iribar Larrañagari eta Manoli Agoues Zubeldiari. Ekitaldian parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Planginza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko, Elkano Kofradiako eta Getariako Udaleko ordezkariek. Ostiral gauean, berriz, Mikel Erentxunek kontzertua emango du Balentzia Museoan, eta bere azken lana (Corazones) aurkeztuko du. Kontzertua ikusi nahi dutenek sarrerak salgai dituzte 20 eurotan, goizetan Getariako Turismo Bulegoan, eta arratsaldeetan Liburutegian.
Arrantzale Eguna igandean
Asteburu osorako egitaraua antolatu dute Getarian. Larunbat eguerdian, esaterako, antxoarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da herriko tabernetan; pintxoa eta edaria 2 eurotan salduko dute. Hurrengo tabernek parte hartuko dute aurten egitasmoan: Taxcok, Xaguk, Mahastik, Elkano Txikik, Politenak, Itxaspek, Giroak, Txokok, Ketarrik, Balearrik, Sokoak, Azkuek eta Itxas-Etxek.
Igandean Arrantzale Eguna ospatuko dute, eta haur, gazte eta helduak arrantzalez janztera animatu dituzte antolatzaileek. 11:00etan arrantzaleen meza egingo dute eta, ondoren, Karmengo Amabirjinaren prozesioa izango da Artzapen. Ekitaldia bukatutakoan arrantzale zaharrei omenaldia egingo diete, eta hamaiketakoa egingo dute denek batera.