Aste honetan hasi da, eta abuztura arte jokatuko dira partidak; Salbatore Egunean izango dira finalak. Aurten 80 bikotek parte hartuko dute txapelketan, hiru mailatan banatuta.
Getariako Salbatore Deunaren XVIII. Pilota Txapelketa abiatu zuten astelehenean, Getariako pilotalekuan. Aurten 80 bikotek parte hartuko dute. Hiru hilabeteko txapelketa izango da, eta abuztuan, Salbatore Egunean jokatuko dituzte finalak. Txapelketan zehar astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan jokatuko dituzte partidak, eta hiru maila izango dituela zehaztu dute antolatzaileek: kadeteek, jubenilek eta 22 urtez azpiko jokalariek hartuko dute parte.Euskal Herri osoko ordezkariak bertaratuko dira pilotan lehiatzera, baita Errioxatik (Espainia) etorritakoak ere. Gainera, aurten etxeko hiru bikote ariko direla jakinarazi dute antolatzaileek: Aristi eta Zenekorta, Ostolaza eta Etxeberria eta Ormazabal eta Etxaniz. Denak kadete mailan arituko dira.
Duela 18 urte sortu zuten Salbatore Deunaren Pilota Txapelketa pilotari gazteei «zuriz janzteko aukera» emate aldera. «Pilota Elkarteko jokalariekin txapelketa batean eta bestean parte hartzen genuen, eta Getarian ere txapelketa antolatzea bururatu zitzaigun».
Plan estrategiko bat
Lehen urtean 40 bikote izan zituen txapelketak, eta urtez urte izena hartzen joan zen pilotarien artean. «Izan ditugu 150 bikote bildu ditugun urteak ere. Dena dela, azken urteetan jaisten ari da parte-hartzaile kopurua», azaldu du Segundo Alkorta Getariako Pilota Elkarteko arduradunak. «22 urte baino gehiago dituztenek ezin dute txapelketan parte hartu, eta gero eta gazte gutxiagok ematen du izena».
Oro har Euskal Herri osoan gertatzen ari den fenomenoa dela uste du Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak. «Kirol asko egin ditzakete haur eta gazteek. Horregatik, pilota munduan lan egiten dugun eragileok Eusko Jaularitzarekin elkarlanean gazteen artean pilota sustatzeko plan estrategikoa garatu eta hori martxan jarriko dugu ikastetxeetan», jakinarazi zuen.
Jauregiren iritziz oso garrantzitsua da pilota indartzeko herri mailako elkarteak egiten ari diren lana ere. «Gogoz eta ilusioz lanean ari da boluntario sare garrantzitsua; Segundo Alkorta eta Getariako Pilota Elkarteko kideak dira horren adibide garbia. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet pilotaren alde egiten duten lanagatik».
Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak bezala, esker oneko hitzak izan ditu aurkezpenean Nika Lertxundi Getariako alkateak ere Getariako Pilota Elkarteko kideentzat. «Lan handia egiten dute isilean urtean zehar haurrei eta gaztetxoei pilotan jokatzen eta kirolak berak dituen balioak erakusten». Gainera, udaberri-uda sasoian txapelketa antolatzen aritzen dira. «Segundok egiten duen lan handia eskertzea besterik ez dugu», azpimarratu zuen.