Iñaki Uzin (Getaitri): "Parte-hartzaileek nabarmendu dute triatloi gogorra, baina polita izan zela"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 4a

Iñaki Uzin eta Ane Balentziaga izan ziren helmugara sartzen lehen getariarrak

[caption id="attachment_145402" align="aligncenter" width="300"]Getariako I. Triatloia Emakumezko parte-hartzaileak irteera gunetik korrika igeriko froga hasteko. (Egilea: Onintza Lete Arrieta[/caption] Jon Unanue zarauztarrak eta Tamsyn Moane-Veale australiarrak irabazi zuten ostiral arratsaldean jokatu zen Getariako I. Triatloia. Ibilbidea 1:01:56 eta 1:08:24 denboran osatu zuten, hurrenez hurren. Goi mailako kirol ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten Getariara bertaratu ziren herritarrek, eta antolatzaileak «oso gustura» daude emaitzarekin. «Parte-hartzaileek nabarmendu dute triatloi gogorra, baina oso polita izan zela. Ikusleak parte-hartzaileengandik gertu zeuden, eta horrek aurrera jarraitzeko bultzada ematen zuela azpimarratu dute triatletek. Nik neuk ere triatloian parte hartu nuen, eta zirraragarria izan zen benetan», azaldu du Getaitri Triatloi Taldeko lehendakari Iñaki Uzinek; Uzin izan zen helmugan sartzen lehen getariarra; emakumezkoetan, berriz, Ane Balentziaga izan zen aurrenekoa. Lasterketaren amaieran askok galdetu zieten elastikoak banatzen ari ziren boluntarioei «datorren urterako izena ematerik bazegoen», eta horrek indarra eman die antolatzaileei egitasmoarekin aurrera jarraitzeko. «Getariako Triatloia luzera begirako egitasmoa da, eta datorren urteetan ere proba antolatzea da asmoa. Horregatik, oso garrantzitsua da hobetzeko duguna ere nabarmentzea; gomendio guztiak ongi-etorriak izango dira». Izan ere, triatloia antolatu duen Getaitri taldeak argi du pixkanaka lasterketaren maila «hobetu» nahi dutela, eta horretarako «indarrez eta gogoz» daude. 41 emakume Ostiraleko proban 350 parte-hartzaileetatik 41 izan ziren emakumezkoak. Getaitri taldeko lehendakariaren iritziz, gainontzeko lasterketekin alderatuta portzentaia txukuna da. «Dena dela, oraindik lan handia dago egiteko parte hartze parekidea lortzeko». Uzinek uste du triatloi taldeek egin behar dutela emakumeen parte hartzea sustatzeko lanketa; «taldeetan neskak baldin adaude, lasterketetan ere egongo dira». Getariako I. Triatloia irudietan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide