Balentziagaren eliteko bezeroek zer sentitzen zuten azaldu nahi dute Getariako museoan, erakusketa batekin. Soinekoak, altzariak eta dokumentazioa bildu dituzte
«Beharra amaitzen denean sortzen den beharra da luxua», esaten zuen Coco Chanelek. Ildo horretatik, luxua kontzeptu «emozionala» dela eta «objektu baten balio sinbolikoarekin eta esperientziarekin» erlazioa duela uste du Cristobal Balentziaga Museoko zuzendari Miren Vivesek. Hortik abiatuta luxu giroa eta atmosfera sortu nahi izan dute datozen egunetan zabalduko duten Balentziaga Luxuaren Esperientzia erakusketan. Bertan, Haute Couture klasikora bidaiatuko dute bisitariek, alegia, XX. mende erdialdean Cristobal Balentziagaren unibertsoak bezeroei eskaintzen zien luxu esperientziara.Maiatzetik 2016ko martxora arte ikusgai egongo da erakusketa, eta horrekin Cristobal Balentziagaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatu nahi du museoak.
Hiru ataleko erakusketa
Erakusketak erakutsi nahi du Cristobal Balentziagaren bezeroek jostunaren soineko bat erosten zutenean sentitzen zutena. Horretarako, 60 soineko, saloiko altzariak, dokumentazioa eta bozetoak bildu dituzte erakusketan. «Orain arte erakutsi gabeko piezak dira, Cristobal Balentziaga zenaren bezero izandakoek gordailuen eta donazioen bidez utzitakoak», zehaztu zuen zuzendariak.
Erakusketa hiru gairen bueltan osatu dute. Lehen atala Balentziagaren bezero ziren eliteko emakumeen ingurukoa da. «Hauek ekitaldi sozialetan erakusten zituzten jantziei garrantzi handia ematen zieten, beren pertsonalitate, estatus eta bizitza estiloaren kanpoko sinboloak baitziren», azaldu du Igor Uria erakusketaren komisarioak.
Bigarren atalean, Balentziaga etxean erostean sentitzen zena islatu nahi izan dute. «Esklusibotasuna xehetasun bakoitzean antzematen zen bertan. Baita, bertara sartzeko moduan ere; etxeko bezero batek gomendatuta bakarrik sar baitzitekeen Balentziaga etxera».
Erakusketaren hirugarren atala luxu eskuragarriaren ingurukoa da. «Balentziagaren aura desira sozial bihurtu zen, eta ildo horretan, hain desiratua zen luxua herritar gehiagorena iristeko perfumeak, osagarriak eta jatorrizko modeloen kopiak merkaturatu ziren».
Azken horietako batzuk legezkoak ziren, Ameriketako saltoki handietan saltzen zirenak, esaterako.
Eta beste batzuk, berriz, legez kanpokoak; jostunek Balentziagaren soineko eta jantzietan oinarrituz egiten zituzten kopiak. Horietako zenbait ere ikus daitezke erakusketan.
Calais hiriko erakusketa
Balentziagaren jaiotzaren 120. urteurrenaren harira, Frantziako Calais hiriko museoan Cristobal Balentziagaren lana da ikusgai Balenciaga, magicien de la dentelle erakusketan. Calais hiria parpaila lanagatik da ezaguna joskintza arloan, eta erakusketan Balentziagak egindako 70 lan bildu dituzte, horietatik 35 Getariako museoak utzitakoak.
Balenciaga, magacien de la dentelle erakusketa 2016ko maiatzetik aurrera Cristobal Balentziaga Museoan izango da ikusgai, Donostia Kultura 2016 ekimenaren barruan.