Astelehenean abiatuko dute Getariako Salbatore Deunaren XVIII. Pilota Txapelketa

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 30a

Getariako Salbatore Deunaren XVIII. Pilota Txapelketaren aurkezpena. (Egilea: Aiora Larrañaga) Getariako Salbatore Deunaren XVIII. Pilota Txapelketa aurkeztu dute gaur Getarian eta astelehenean abiatuko dute lehia 80 bikoterekin. Hiru hilabeteko txapelketa izango da eta abuztuan, Salbatore Egunean jokatuko dituzte finalak. Astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan jokatuko dituzte partidak eta hiru maila izango ditu txapelketak: kadeteek, jubenilek eta 22 urte azpiko jokalariek parte hartuko dute bertan. Euskal Herri osoko ordezkariak bertaratuko dira pilotan lehiatzera, baita Errioxatik (Espainia) etorritakoak ere; gainera, aurten etxeko hiru bikote izango direla jakinarazi dute antolatzaileek: Aristi eta Zenekorta, Ostolaza eta Etxeberria eta Ormazabal eta Etxaniz. Denak kadete mailan arituko dira. Duela 18 urte sortu zuten Salbatore Deunaren Pilota Txapelketa pilotari gazteei "zuriz janzteko aukera" emate aldera. "Pilota Elkarteko jokalariekin txapelketa batean eta bestean parte hartzen genuen, eta Getarian ere txapelketa  antolatzea bururatu zitzaigun". Lehen urtean 40 bikote izan zituen txapelketak eta urtez urte izena hartzen joan zen pilotarien artean. "Izan ditugu 150 bikote bildu ditugun urteak ere. Dena dela, azken urteetan jaisten ari da parte-hartzaile kopurua" azaldu du Segundo Alkorta Getariako Pilota Elkarteko arduradunak. "22 urte azpikoek urteak bete ahala ezin dute txapelketan parte hartu eta gero eta gazte gutxiagok izena ematen du". Oro har Euskal Herri osoan gertatzen ari den fenomenoa dela uste du Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak. "Kirol asko egin ditzazkete haur eta gazteek. Horregatik, pilota munduan lan egiten dugun eragileok Eusko Jaularitzarekin elkarlanean gazteen artean pilota sustatzeko plan estrategikoa garatu eta hori martxan jarriko dugu ikastetxeetan". Horretaz gain, Jauregiren iritziz pilota indartzeko herri mailako elkarteak egiten ari diren lana ere oso garrantzitsua da. "Gogoz eta ilusioz lanean ari da boluntario sare garrantzitsua; Segundo Alkorta eta Getariako Pilota Elkarteko kideak dira horren adibide garbia. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet egiten duten lanagatik".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide