2014ko Getariako biatloiko irteera hondartzan. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Getariako triatloia jokatuko da estreinakoz bihar arratsaldean. 2015eko Euskal Herriko zirkuituko lehen proba izango da, eta Getaitri Triatloi Klub sortu berriak antolatu du, Gipuzkoako eta Euskadiko triatloi federazioekin batera. Lehen aldia izango bada ere, parte-hartzaileen artean arrakasta izan du kirol probak. Getaitri Triatloi taldeko lehendakari Iñaki Uzinek bere harridura azaldu du: «Antolatzen den lehen urtea eta egutegiko lehen proba izanda, ez genuen horrelako erantzuna izango zuenik espero». Hasiera batean 300 lagunentzat tokia aurreikusi zuten antolatzaileek, baina zerrenda aste gutxitan bete zela ikusita, 50 lagun gehiagorentzat tokia egin zuten. Denera, 350 triatletek parte hartuko dute.
16:00etatik aurrera
Probaren muina eta box-eak Getariako portu inguruan kokatuko dituzte; boxeak 14:00etan irekiko dituzte, eta 15:45ean itxi. Izan ere, Getariako I. Triatloiari 16:00etan emango zaio hasiera, emakumezkoen lasterketarekin; eta 10 minutu geroago, gizonezkoena abiatuko dute.
Sprint distantziako triatloia izango da; hau da, 750 metro igerian, 24 kilometro bizikletan eta, bukatzeko, 5 kilometro korrika.
Ibilbide «zorrotza»
Triatloi «motza, bizia eta zorrotza» izango dela azaldu dute antolatzaileek. «Uretatik atera orduko mendia izango dute aurretik parte-hartzaileek. Norma-lean kostaldean ez dira mota horretako ibilbideak aurkitzen, besteengandik desberdina izango da Getariako proba».
Irteera Getariako hondartzatik egingo dute, eta triatletek lauki luze itxura duen 750metroko igeriketa saioari aurre egin beharko diote. Ondoren, portuan kokatuta egongo diren box eremuan bizikleta saioari ekingo diote. Bigarren atal horretan, Getariatik irten eta Garate gainetik Meaga alderantz joango dira. Oikia eta Zumaia zeharkatu ondoren, N-634 errepidetik Getariako box eremura itzuliko dira. Ibilbidea errepidean barrena egingo denez, zirkulazioan aldaketak egingo dituzte triatloiak irauten duen bitartean.
Probari amaiera emateko, bigarren trantsizioaren ondoren, korrika saioa osatuko dute: 2,5 kilometroko ibilbideari 2 itzuli emanez. Udaletxe inguruan kokatuta egongo da helmuga. «Getaria herri aldapatsua da, eta korrikako proba ere gogorra izango da. Ikuskizun polita ikusteko aukera egongo da Getarian».