"Ilusioz betetako lan talde sendoa" aurkeztu du Getariako EAJk hauteskundeetara

Getariako Hitza 2015ko api. 17a, 14:30

Getariako EAJk udal hauteskundeetara aurkeztu duen taldea. (Iturria: Getariako EAJ) Uxoa Larrañaga da Getariako EAJko alkategaia 2015eko udal hateskundeetarako eta "getariarren ongizatearekin arduratutako" emakumez eta gizonez osatutako taldea izango du bidelagun: "Getariarrekin egunero bizi diren herritarrak, entzuteko gaitasuna eta leialtasuna dutenak, zintzotasunez eta arduraz talde lanean aritzeko prest daudenak”. "Esperientzia eta berrikuntza" uztatzen dituen zerrenda aurkeztu dutela azaldu du Larrañagak; “udala jarrera irekiarekin, sektarismorik eta inposaketarik gabe gobernatzeko konpromisoa dugu” azpimarratu du. Datozen astetan aurkeztuko du Getariako EAJk "getariarren duintasuna eta ongizatea bermatzea" ardatz duen programa; "herritarren, auzotarren eta eragileen ekarpenekin osatu" dute. Alde batetik, Getariako EAJren lehentasuna herriaren komunikazio sistemak hobetzea izango da. “Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarriko naiz datorren agintaldian Meagasko errepidea berritzeko aurrerapauso nabarmenak eman ditzagun ” azaldu Larrañagak. “Azken lau urtetan Getariako Udalean eta foru aldundian agintzen egon den EH Bilduk ez dio llehentasunik eman arlo horri eta egoera horri buelta eman behar diogu; batez ere itsas ertzetik doan N-634 errepideak izaten dituen mozketak eta arazoen aurrean”. Horretaz gain, turismo arloko plan estrategikoa abian jartzea eta getariar gazteentzat etxebizitza programa bultzatzea izango dira EAJren beste lehentasunak. Getariako EAJko hautagaien zerrenda Uxoa Larrañaga izango da zerrendaburua eta hurrengo herritarrek osatuko dute zerrenda: Aitor Urresti Martinez, Andoni Aristi Ibarra, Barbara Azkue Ulacia, Rosi Antia Albizu, Itziar Etxarte Otegi, Andres Txueka Isasti, Aritz Iribar Solaberrieta, Sara Aranguren Sorasu, Olaia Olaizola Beobide eta Ana Mari Iribar Alberdi. Ordezkoak, Emeterio Urresti Isasti, Igor Arregi Larrañaga eta Jon Esnal Alegria dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide