Aste Santuaren aurretik herriko gazteak Uxoa Larrañaga EAJren alkategaiarekin eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kiroletako zuzendariarekin bildu dira, eta haiei helarazi dizkiete dituzten premiak. «Ondorio baliotsuak dira eta gogoan hatuko ditugu programa osatzerakoan», ohartarazi du Getariako EAJko zerrendaburuak.
Besteak beste, azaldu du gazte getariarrek herrian bizi eta lan egiteko apustua egin dutela, baina arazoak dituztela horretarako. Hainbat arrazoi eman du horretarako Larrañagak: bere esanetan, Getariako etxebizitza eskaintza urria delako, daudenak merkatu pribatukoak direlako, gazteek ezin diotelako aurre egin etxeen prezioari eta azken urteetan udalak ez duelako bultzatu gazteek etxeak alokatu ahal izateko ekimen politikorik. «Horregatik, beharrezkoa da etxebizitza politika serio bat gauzatzea, beharrak aztertu eta getariarren eskaerei lehentasuna ematea. Finean, herri baten etorkizuna egunero bertan bizi direnak bermatzen dute», erantsi du.
Gazte getariarren beste kezka nagusia enplegua dela esan du. Azaldu du «gehienek» lana duten arren, denboraldi batekoak—ostalaritzan, oro har izan ohi direla, eta gazteek duten prestakuntza maila baino gutxiago eskatzen dutenak direla. «Batek baino gehiagok helarazi digu ekintzailetzarako bere gogoa, baina merkatuko segurtasun gabeziak oztopatzen dituela esan digute». Bestalde, udalaren «inplikazio falta» nabarmendu du: «Udalak eskaintzen dituen kultur jarduerak gazteen eskaeretatatik oso urrun daude».