Xabier Olano Getariako ekitaldi politikoan. (Iturria: Getariako EH Bildu)
Getariako EAJk salatu du pasa den ostiralean EH Bilduko ahaldungai nagusi Xabier Olanok eta Getariako EH Bilduko alkategai Nika Lertxundik eman zuten mitinean erabili zen oholtza Getariako Udaleko langileek muntatu eta desmuntatu zutela. " Alkateak guztiok ordaintzen dugun udal brigada erabili du bere mitin alderdikoia egiteko” zehaztu dute jeltzaleek. Ildo horretan, langile horien lan orduak udaleko kontu-hartzailetzan ordaintzeko eskatu diote Getariako EH Bilduri.
EAJko alkategai Uxoa Larrañagari "lotsagarria" iruditzen zaio getariarrek beren zergen bitartez ordaintzen dituzten langileak alderdi politiko baten ekintza baten muntai lanak egiten jartzea. “Zilegi da alderdi batek nahi duen ekintza politikoa egitea eta horretarako beharrezko bitartekoak jartzea, baina beti ere alderdi antolatzaileak ordaindu behar du". Gainera, gogorarazi du pasa den asteazkenean egin zuten batzordean alkateak berak aitortu zuela "udal brigada oso justu zebilela langile aldetik”.