Bizikidetzaren bidea jorratuz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 4a

Getarian lanean ari dira bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Larunbatean ikastaro bat egingo dute eta hilaren 17an, mahai-ingurua Iñaki Soto eta Jexux Mari MujikarekinBakea eta bizikidetza gaia oinarri hartuta, lanketa bat egiten ari da Getariako Udala...

Getarian lanean ari dira bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Larunbatean ikastaro bat egingo dute eta hilaren 17an, mahai-ingurua Iñaki Soto eta Jexux Mari Mujikarekin

Bakea eta bizikidetza gaia oinarri hartuta, lanketa bat egiten ari da Getariako Udala Baketik Fundazioarekin elkarlanean. 2013an abiatu zuten prozesua, eta ordutik bilera informartzaileak eta parte hartze saioak egin dituzte herritarren artean. Orain beste urrats bat emango dute, eta martxorako ikastaroa eta solasaldia antolatu dituzte Getarian Bakea eta Bizikidetza eraikitzen egitasmoaren barruan.

Udala jakitun da askotan herritarrek ezin izaten dutela ekitaldietan parte hartu. Horregatik, herriko etxebizitza guztietara banatuko dute datozen egu- netan liburuxka bat bakea eta bizikidetzaren inguruko hausnarketarako. «Humanizazioaren gaia hartu dugu ardatz. Gauzak asko aldatu badira ere, jarrera zaharrak mantentzen dira oraindik, eta horiek gainditzeko hainbat urrats azaltzen ditu liburuxkak. Pertsona balioan jarri behar dugu, eta sentikortasunez eta enpatiaz betetako begirada berria eratu behar dugu», azaldu du Baketik Fundazioko Iker Usonek.

Elkarrizketa da bidea

Orain arte antolatu dituzten saioetan eztabaida polita egon dela nabarmendu dute udaleko ordezkariek eta Baketik Fundazioko kideek, eta dinamika horrekin jarraitu nahi dute 2015ean ere. Hala, larunbat honetan Gatazken kudeaketa etikoa ikastaroa emango du Usonek Alondegian 10:00etatik 13:00etara. «Eguneroko gatazken inguruko trebakuntza ikastaroa da. Gatazkaren gaia osotasunean hartu eta horren inguruko ideia eta irizpide batzuk azalduko ditugu, eta hortik abiatuta, eztabaida sortuko da», azaldu du Usonek. Tartean gatazka politikoa ere jorratuko dute. Ikastaroa udal taldeekin egin zuten udan, eta «esperientzia aberasgarria» izan zela azaldu du Nika Lertxundi alkateak. «Bizitzako edozein arlotan aplikatzeko moduko ikaskuntza izan zen».

Usonek argi utzi du bertan ez dutela formula magikorik azalduko. «Gatazken aurrean egiten ditugun hankasartzeez ohartaraziko ditugu herritarrak», eta horiek aldatzeko irizpide batzuk emango dituzte. «Gatazka normalean ez dugu bestearekin izaten, geure buruarekin baizik. Horregatik, gatazka aztertzerakoan lehenik eta behin norberaren jokaera aztertu behar dugu. Askotan gauzak nola edo ahala lortu nahi ditugu, eta gatazkek bide okerra hartzen dute».

Martxoaren 17rako antolatu duten saioa mahai-inguru politikoa izango da. Gara egunkariko zuzendari Iñaki Sotok eta etika irakasle eta Bidetik Fundazioko bozeramaile Jexux Mari Mujikak Euskal Herriko egoera politikoa eta bake prozesua hizpide izango dute Bake prozesuaren erronkak eta aukerak solasaldian. «Hasieran hizlariek beren azalpenak emango dituzte, eta gero herritarrek hitza hartzea nahi dugu, eztabaida irekia sortu dadin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide