5.000 euro bideratuko dituzte Getarian zuhaitzak landatzeko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 3a

Herritarrak zuhaitzak landatzen. (Iturria: Azkoitiko Udala) Otsaila bukaeran herritar talde batek zuhaitz mozketa salatzeko idatzia aurkeztu zuen Getariako Udalean ehun getariar baino gehiagoren babesarekin. Getariako Udaletik onartu egin dute zuhaitzak moztu izana, baina argi utzi dute «ez dela erabaki politikoa» izan eta «arrazoi teknikoek» eragin dutela zuhaitzak moztu behar izatea. «Lehenik eta behin, oso positiboa iruditzen zaigu herritarrek gai bati buruzko kezka eta iritzia agertzea, eta horren inguruan mugitzea» azaldu dute. Getariako Udala ere ados dago zuhaitzen inguruan egindako hausnarketarekin eta jakinarazi dute udaletik beti saiatu direla zuhaitz mozketa ekiditen, «eta obretako arduradunei ere hori azpimarratu izan diegu». Izan ere, udal gobernutik ingurumenaren zainketan «erabat kontzientziatuta» daudela nabarmendu dute eta orain arte bezala, «aurrera begira ere, herritarrekin batera lanean jarraituko» dutela zehaztu dute. Ildo horretan 2015eko aurrekontuan 5.000 euroko partida barneratu du udalak zuhaitzak landatzeko. Asmoa 2015eko auzolan egitasmoa zuhaitzen landaketa izatea da, 2014an Katxaporen txukunketa-pintaketa egin zen moduan. Horrez gain, azken hilabeteetan Plan Paisajestikoa lantzen ari da Getariako Udala, eta horren baitan finkatuko dira zuhaitzen inguruko prozedurak ere. Hilabeteko epean egingo dute planaren aurkezpen irekia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide