Bakea eta bizikidetza eraikitzeko urratsak ematen ari dira Getarian

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 3a

Ezkerretik hasita, Aitor Bikuña Getariako Independentea, Getariako alkate Nika Lertxundi eta Baketik Fundazioko kide Iker Uson. (Egilea: Aiora Larrañaga) Bakea eta bizikidetza gaia oinarri hartuta lanketa egiten ari da Getariako Udala Baketik Fundazioarekin elkarlanean. 2013an abiatu zuten prozesua eta ordutik bilera informartzaileak eta parte-hartze saioak egin dituzte herritarren artean. Orain beste urrats bat emango dute eta martxorako Getarian Bakea eta Bizikidetza eraikitzen egitasmoaren barruan ikastaroa eta solasaldia antolatu dituzte. Udalak jakin badaki askotan herritarrek ezin izaten dutela antolatzen diren ekimentan parte hartu. Horregatik, herriko etxebizitza guztietara bakea eta bizikidetzaren inguruko hausnarketarako liburuxka banatuko dute datozen egunetan. "Humanizazioaren gaia hartu dugu ardatz. Gauzak asko aldatu badira ere, jarrera zaharrak mantentzen dira oraindik eta horiek gainditzeko hainbat urrats azaltzen ditu liburuxkak. Pertsona balioan jarri behar dugu eta sentikortasunez eta enpatiaz betetako begirada berria eratu behar dugu" azaldu du Baketik Fundazioko Iker Usonek Orain arte antolatu dituzten saioetan eztabaida polita izan zela nabarmendu dute udaleko ordezkariek eta Baketik Fundazioko kideek eta dinamika horrekin jarraitu nahi dute 2015ean ere. Larunbatean Gatazken kudeaketa etikoa ikastaroa emango du Iker Usonek 10:00etatik 13:00etara Alondegian. "Eguneroko gatazken inguruan trabakuntza ikastaroa da. Ikastaroa deitzen diogu baina bertan parte hartzen duten herritarrekin gaiaren inguruko hausnarketa egingo dugu. Gatazkaren gaia osotasunean hartu eta horren ingururko ideia eta irizpide batzuk azalduko ditugu eta hortik abiatuta eztabaida sortuko da" azaldu du Usonek. Tartean gatazka politikoa ere jorratuko dute. Ikastaroa udal taldeekin egin zen 2014ko ekainean eta "esperientzia aberasgarria" izan zela azaldu du Nika Lertxundi Getariako alkateak. "Bizitzako edozein arlotan aplikatzeko moduko ikaskuntza izan zen. Eztabaida eta gatazka baten aurrean zein joko mota egoten diren eta zein erabili beharko genituzke aztertu genuen". Usonek argi utzi du bertan ez dutela formula magikorik azalduko. "Gatazken aurrean egiten ditugun hanka sartzeez ohartaraziko ditugu herritarrak" eta horiek aldatzeko irizpide batzuk emango dituzte. Izan ere, Usonen esanetan "gatazka normalean ez dugu bestearekin izaten, gure buruarekin baizik. Horregatik, gatazka aztertzerakoan lehenik eta behin norberaren jokaera aztertu behar dugu. Askotan gauzak nola edo ahala lortu nahi ditugu eta gatazkek bide okerra hartzen dute arrazoi izan nahi dugulako". Martxoaren 17rako antolatu duten saioa mahai-inguru politikoa izango da. Gara egunkariko zuzendari Iñaki Sotok eta etika irakasle eta Bidetik Fundazioko bozeramaile Jexux Mari Mujikak Euskal Herriko egoera politikoa eta bake prozesua hizpide izango dute Bake prozesuaren erronkak eta aukerak solasaldian. "Getariar askorentzat gai interesgarria izango dela iruditu zaigu. Horregatik, hasieran hizlariek beren azalpenak emango dituzte eta gero eztabaida irekia egin nahi dugu herritarrekin batera".   EGITARAUA -Martxoaren 7a, larunbata, 10:00etatik 13:00etara Alondegian. Gatazken kudeaketa etikoa ikastaroa emango du Iker Usonek. Edukia: Gatazka ulertzea, gatazkak barneratzeko bi modu, gatazkak lantzeko hiru era, ohiko hamabi oztopo, elkarrizketaren plusa eta entzuketaren bizipenak gaiak landuko dira Parte hartzeko izena eman behar da 943-251005 telefono zenbakian. Doakoa da. - Martxoaren 17a, asteartea, 19:00etan Ulpiano etxean. Bake prozesuaren erronkak eta aukerak solasaldian parte hartuko dute Gara egunkariko zuzendari Iñaki Sotok eta Etika irakasle eta Bidetik Fundazioko bozeramaile Jexux Mari Mujikak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide