Zuhaitz landaketa egiteko eskatu dio herritar talde batek Getariako Udalari

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko otsailaren 25a

Salatu dute Sahatsaga Goiko parkea zaharberritzeko bidearen ertzean zeuden zuhaitzak kendu dituztela. Udalari idatzi bat helarazi diote 100 herritarretik gorakSahatsaga Goiko parkea zaharberritzeko lanak egiterakoan bidearen ertzean zeuden zuhaitzak mo...

Salatu dute Sahatsaga Goiko parkea zaharberritzeko bidearen ertzean zeuden zuhaitzak kendu dituztela. Udalari idatzi bat helarazi diote 100 herritarretik gorak

Sahatsaga Goiko parkea zaharberritzeko lanak egiterakoan bidearen ertzean zeuden zuhaitzak moztu dituztela salatu du herritar talde batek: 13 astigar eta lau haritz, hain zuzen ere. Getariarrak gertatutakoarekin kezkatuta daude; horren aurrean ehun lagunetik gora bildu da, eta idatzi bat aurkeztu dute Getariako Udalean. Bertan negua amaitu aurretik zuhaitz landaketa esanguratsua egiteko eskatu dute. Gainera, uste dute ezinbestekoa dela hainbat ingurumen irizpide zehaztea horrelakoak berriz gerta ez daitezen. Izan ere, herritar talde horren esanetan, proiektuaren arabera «zuhaitz horiek ez zituzten ukitu behar».

Hala ere, Sahatsaga Goiko zuhaitzak ez dira Getarian moztu diren lehendabiziko zuhaitzak. «Alde batetik, Balentziaga kaleko lur azpiko aparkalekua eta Ulpiano etxea egiteko orubean zeuden zuhaitz guztiak moztu zituzten eta, negua zenez, zuhaitz gehienak lekualdatzeko aukera bazegoen ere, zuhaitz bakarra lekualdatu zuten. Bestetik, igogailuaren pasabide berria egiteko zuhaitzak errespetatu egingo zituztela esan zuten, baina hiru zuhaitz moztu zituzten. Horretaz gain, Aldamar parkean hondakinak jasotzeko edukiontziak jartzeko urte askotako arte bat moztu zuten», zehaztu dute.

Herritar taldearen iritziz, beharrezkoa da konturatzea moztu diren hainbat zuhaitz «oso zaharrak» zirela. «Bertakoak ditugun zuhaitz-espezie kalteberak edertasun funtziotik haratago, herriko faunaren gordeleku, gune eta kale publikoen identitate eta airearen kalitatea hobetzeko lagungarriak dira». Behin moztutakoan «ezinezkoa izango da horiek berreskuratzea eta ondasun hori sortzea beste ehunka urtetan». Horregatik, gaiarekin «sentsibilitatez jokatzea» ezinbestekoa dela iruditzen zaie, ingurumenaren ondasun kolektiboa eta biodibertsitatea errespetatzeko. Ildo horretan, kalteak sortu aurretik berreskuratze egitasmoak izatea beharrezkoa dela uste dute, «inprobisaziorik gabe eta erantzunkizunez jokatuz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide