Negua amaitu aurretik zuhaitz landaketa egiteko eskatu dio getariar talde batek udalari

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko otsailaren 23a

Sahatsaga Goian parkea egokitzeko lanak. (Iturria: Juanjo Perez Martinez Lahidalga eta Andreina Mata Escobar) Sahatsaga Goiko parkea zaharberritzeko bidearen ertzean zeuden zuhaitzak moztu dituztela salatu du herritar talde batek: 13 astigar eta lau haritz hain zuzen ere. Getariarrak gertatutakoarekin kezkatuta daude; horren aurrean ehun lagunetik gora bildu da eta idatzi bat aurkeztu dute Getariako Udalean. Bertan negua amaitu aurretik zuhaitz landaketa esanguratsua egiteko eskatu dute. Horretaz gain, uste dute ezinbestekoa dela herriko hainbat ingurumen irizpide zehaztea horrelakoak berriz gerta ez daitezen. Izan ere, getariar taldearen esanetan proiektuaren arabera "zuhaitz horiek ez zituzten ukitu behar". Sahatsaga Goiko zuhaitzak ez dira Getarian moztu diren lehendabiziko zuhaitzak. "Alde batetik, Balentziaga kaleko lur azpiko aparkalekua eta Ulpiano etxea egiteko orubean zeuden zuhaitz guztiak moztu zituzten eta negua zenez zuhaitz gehienak leku aldatzeko aukera bazegoen ere, zuhaitz bakarra leku aldatu zuten. Bestetik, igogailuaren pasabide berria egiteko zuhaitzak errespetatu  egingo zituztela esan zuten, baina hiru zuhaitz moztu zituzten. Horretaz gain, Aldamar parkean hondakinak jasotzeko edukiontziak jartzeko urte askotako arte bat moztu zuten" zehaztu dute. Getariar taldearen iritziz beharrezkoa da konturatzea moztu diren hainbat zuhaitz "oso zaharrak" zirela. "Bertakoak ditugun zuhaitz-espezie kalteberak edertasun funtziotik haratago, herriko faunaren gordeleku, gune eta kale publikoen identitate eta airearen kalitatea hobetzen lagungarriak dira". Dena dela, behin moztutakoan "ezinezkoa izango da horiek berreskuratzea eta ondasun hori sortzea beste ehunka urtetan". Herritarrek uste dute egoera gehienetan neurri prebentiboak hartu izan balira zuhaitz gehienak bere horretan mantentzeko eta leku aldatzeko aukera zegoela. Horregatik, gaiarekin "sentsibilitatez jokatzea" ezinbestekoa dela iruditzen zaie, ingurumenaren ondasun kolektiboak eta biodibertsitatea errespetatzeko. "Izan ere, Getariak oso lur publiko gutxi ditu eta oraindik eta garrantzitsuagoa da guztion ondarea ahalik eta hobekien zaintzea". Horregatik, herriko beharrak asetzeko ingurumenean sortzen diren kalteak ekiditeko aurretik berreskuratze egitasmoak izatea beharrezkoa dela uste dute, "inprobisaziorik gabe eta erantzunkizunez".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide