Getariako Udalak aurrekontuaz gain milioi bat euro gehiago izango ditu

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 18a

Behin-behinean onartu du udalbatzak 2015eko udal aurrekontua, ia 3,4 milioi eurokoa. 2014tik datorren milioi bat euroko gerakina ere izango du udalak aurten eskura2015erako 3.395.992 euroko udal aurrekontua onartu zuen astelehenean Getariako udalbatzak...

Behin-behinean onartu du udalbatzak 2015eko udal aurrekontua, ia 3,4 milioi eurokoa. 2014tik datorren milioi bat euroko gerakina ere izango du udalak aurten eskura

2015erako 3.395.992 euroko udal aurrekontua onartu zuen astelehenean Getariako udalbatzak behin-behinean. Bildu eta EAJ udal taldeek parte hartu zuten ezohiko udalbatzarrean, eta bi udal taldeek zinegotzi kopuru bera dutenez, berdinketa egon zen lehen bozketan; Bilduk aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuen eta EAJk, berriz, aurka. Beraz, bigarren bozketan alkateak kalitatezko botoa erabili zuen, eta behin-behinean onartu zen 2015eko udal aurrekontua.

Getariako Ogasun zinegotzi Aitor Irigoienek azaldu zuenez, 2015eko aurrekontua «orekatua» da, eta inbertsioetara bideratuko den 285.000 euroko aurrezki arrunta izango du. «Agintaldian zehar ahalegin berezia egin dugu beharrezkoak ikusten ez genituen gastu arruntak jaisteko eta sarrerak igotzeko».

2014ko kontuak itxi gabe badaude ere, aurrikusi dute milioi bat euro inguruko gerakina egongo dela. «Aurrekontuaz gain, urtean zehar milioi bat euro gehiago izango dugu kreditu aldaketen bidez inbertsio gehiago egiteko».

Bestalde, Irigoienek zehaztu zuen aurtengoan ere Getariako Udala ez dela zorpetuko.

EAJren zalantzak

EAJ udal taldea ez zen ados agertu 2015eko udal aurrekontuarekin, eta hainbat zalantza agertu zituen udalbatzarrean. «Alde batetik, aurrezkia inbertsioetara bideratu duzue, baina herrian ez al dago beste beharrik? Kaleko garbitasunean edo gizarte zerbitzuetara bideratzea, esaterako», galdetu zuen EAJko alkategai Uxoa Larrañagak.

Bestetik, auzoetako haurrak eskolara joateko autobus zerbitzuaren inguruan zer asmo dituen galdetu zion udal gobernuari EAJko zinegotziak. «Aurrekontuan ekaina arteko autobus zerbitzua jaso duzue. Zergatik ez urte osokoa?»

Horretaz gain, EAJk uste du hondakinen gaiaren inguruan udal gobernua «kudeaketa txarra» egiten ari dela. «Eguneko 60 euro eta urtean 24.000 euroko garraio gastua ordaindu beharko du udalak hondakinak Lapatxera eraman behar direlako. Zaborraren tasetatik lortutako sarrerak ez dira nahikoak zerbitzuaren gastua estaltzeko».

Gainera, EAJko alkategaiak nabarmendu zuen 2014ko gerakina, «aurreko agintaldian hainbat proiektu egiteko lortu ziren diru laguntzetatik» datorrela. «Eta inbertsioen atala ikusita, iruditzen zait etorkizunari begira inolako plangintzarik ez dagoela», gaineratu zuen Larrañagak udalbatzarrean.

Irigoienek erantzun zituen EAJk agertutako zalantzak. Alde batetik, adierazi zuen auzoetako haurrek eskolara joan-etorria egin dezaten autobusaren aldeko apustua egiten duela udal gobernuak. «Ekaina arteko zerbitzua jaso dugu aurrekontuan, hauteskundeen ondoren zer gertatuko den ez dakigulako. Guk jarraitzen badugu, gure asmoa auzoetako haurrentzat autobusa bermatzeko hainbat urterako hitzarmena sinatzea da».

Hondakinen gaiari dagokionez, Irigoienek gogoratu zuen Udal Elkartearen eskumena dela hondakinen gaia. Dena dela, Nika Lertxundi alkateak berretsi zuen hondakinak Lapatxera eramateagatik udalak ordaindu behar duen gastu gehigarria ez ordaintzeko borrokatuko dutela. Irigoienek honda- kinen kudeaketa zerbitzuaz erantzun zion Larrañagari: «Aipatu duzu herritarrek ordaintzen duten tasetatik ez dela benetako kostua estaltzen. Ez aurten, ezta orain dela zortzi urte ere». Irigoienen esanetan, atzetik datorren arazoa da, eta hori berdindu behar bada, herritarrei «igoera handia» ezarri beharko litzaieke zaborraren tasan. «EAJ udal gobernuan izan zenean ez zen egin, eta egungo egoera ikusita, guk ere ez dugu tasa igoko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide