Besteak beste Askizuko frontoiko teilatua konpontzeko partida jaso du Getariako Udalak 2015eko udal aurrekontuan. (Egilea: Nerea Uranga)
2015erako 3.395.992 euroko udal aurrekontua onartu zuen astelehenean Getariako udalbatzak behin-behinean. Bildu eta EAJ udal taldeek parte hartu zuten ezohiko udalbatzarrean, eta bi udal taldeek zinegotzi kopuru bera dutenez, berdinketa egon zen lehen bozketan; Bilduk aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuen eta EAJk, berriz, aurka. Beraz, bigarren bozketan alkateak kalitatezko botoa erabili zuen, eta behin-behinean onartu zen 2015eko udal aurrekontua.
Getariako Ogasun zinegotzi Aitor Irigoienek azaldu zuenez, 2015eko aurrekontua «orekatua» da, eta inbertsioetara bideratuko den 285.000 euroko aurrezki arrunta izango du. «Agintaldian zehar ahalegin berezia egin dugu beharrezkoak ikusten ez genituen gastu arruntak jaisteko eta sarrerak igotzeko».
2014ko kontuak itxi gabe badaude ere, aurrikusi dute milioi bat euro inguruko gerakina egongo dela. «Aurrekontuaz gain, urtean zehar milioi bat euro gehiago izango dugu kreditu aldaketen bidez inbertsio gehiago egiteko».
Bestalde, Irigoienek zehaztu zuen aurtengoan ere Getariako Udala ez dela zorpetuko.
EAJren zalantzak
EAJ udal taldea ez zen ados agertu 2015eko udal aurrekontuarekin, eta hainbat zalantza agertu zituen udalbatzarrean. «Alde batetik, aurrezkia inbertsioetara bideratu duzue, baina herrian ez al dago beste beharrik? Kaleko garbitasunean edo gizarte zerbitzuetara bideratzea, esaterako», galdetu zuen EAJko alkategai Uxoa Larrañagak.
Bestetik, auzoetako haurrak eskolara joateko autobus zerbitzuaren inguruan zer asmo dituen galdetu zion udal gobernuari EAJko zinegotziak. «Aurrekontuan ekaina arteko autobus zerbitzua jaso duzue. Zergatik ez urte osokoa?»
Horretaz gain, EAJk uste du hondakinen gaiaren inguruan udal gobernua «kudeaketa txarra» egiten ari dela. «Eguneko 60 euro eta urtean 24.000 euroko garraio gastua ordaindu beharko du udalak hondakinak Lapatxera eraman behar direlako. Zaborraren tasetatik lortutako sarrerak ez dira nahikoak zerbitzuaren gastua estaltzeko».
Gainera, EAJko alkategaiak nabarmendu zuen 2014ko gerakina, «aurreko agintaldian hainbat proiektu egiteko lortu ziren diru laguntzetatik» datorrela. «Eta inbertsioen atala ikusita, iruditzen zait etorkizunari begira inolako plangintzarik ez dagoela», gaineratu zuen Larrañagak udalbatzarrean.
Irigoienek erantzun zituen EAJk agertutako zalantzak. Alde batetik, adierazi zuen auzoetako haurrek eskolara joan-etorria egin dezaten autobusaren aldeko apustua egiten duela udal gobernuak. «Ekaina arteko zerbitzua jaso dugu aurrekontuan, hauteskundeen ondoren zer gertatuko den ez dakigulako. Guk jarraitzen badugu, gure asmoa auzoetako haurrentzat autobusa bermatzeko hainbat urterako hitzarmena sinatzea da».
Hondakinen gaiari dagokionez, Irigoienek gogoratu zuen Udal Elkartearen eskumena dela hondakinen gaia. Dena dela, Nika Lertxundi alkateak berretsi zuen hondakinak Lapatxera eramateagatik udalak ordaindu behar duen gastu gehigarria ez ordaintzeko borrokatuko dutela. Irigoienek hondakinen kudeaketa zerbitzuaz erantzun zion Larrañagari: «Aipatu duzu herritarrek ordaintzen duten tasetatik ez dela benetako kostua estaltzen. Ez aurten, ezta orain dela zortzi urte ere». Irigoienen esanetan, atzetik datorren arazoa da, eta hori berdindu behar bada, herritarrei «igoera handia» ezarri beharko litzaieke zaborraren tasan. «EAJ udal gobernuan izan zenean ez zen egin, eta egungo egoera ikusita, guk ere ez dugu tasa igoko».
2015EKO UDAL AURREKONTUA
INBERTSIO NAGUSIAK
Guztira: 363.400 euro.
- Euri uren sareko lanen 1. fasea: 40.000 euro. Obra guztia egiteko 280.000 euro inguru beharko liratezke, eta udalak aurten egitea erabakitzen badu, gerakinetik hartuko luke falta dena.
- Depositoaren atzeko aldearen txukunketa: 3.000 euro.
- Frontoiko harmailak eta espaloia eraberritzea eta plazan egurrezko eserlekuak jartzea: 31.000 euro.
- Plaza inguruan espaloia zabaltzea eta Herrerieta kalea txukuntzea: 50.000 euro.
- Herrian zehar eta auzoetan hainbat jolas parke jartzea: 23.000 euro.
- Argiteri publikoa eraberritzea: 30.000 euro.
- Herri bideen konponketa lanak: 60.000 euro.
- Askizu auzoko frontoiaren teilatua konpontzea: 10.000 euro.
- Irrisgaitz tratamendua herrian: 15.000 euro.
- Hainbat proiektu idazteko: 30.000 euro.
- Turismo Planerako: 30.000 euro.
- Baketik Fundazioak antolatzen dituen ekintzak finantzatzeko: 4.800 euro.
- Kalean gaikako zaborrontzi txiki gehiago jartzeko, elkarte gastronomikoetan ikatza biltzeko edukiontzi bereziak jartzeko eta herritarrak gaika biltzeaz kontzientziatzeko triptikoa: 13.000 euro.
- Elkano kalean zerrenda apaingarria jartzea: 16.000 euro.
- Zuhaitz landaketa: 5.000 euro.
AURRERAGO GEHITZEKO
2014ko kontuak itxitakoan hainbat inbertsio egitea aurrikusi dute. Hilabeteko epean onartuko liratezke, eta gerakinetik kreditu aldaketa egingo litzateke.
Guztira: 160.000 euro.
- Katapruna plazako etxola: 50.000 euro.
- Sahatsaga Goiko lokaletan komunak jartzea eta liburutegiaren eraberritzea: 60.000 euro.
- Herriko wifi sarea: 50.000 euro.
URTEAN ZEHAR
Euri uren saneamendu obra handia eta Turismo Bulegoa berritzea aztertuko ditu udalak.