Ulpiano Virgil-Escalera eraikin berrian kokatuta dago Getariako Eguneko Zentroa. 20 lagunentzat tokia eskaintzen du egoitzak, baina egun bederatzi erabiltzaile ditu
Otsailaren 2an ireki zituen ateak Getariako Eguneko Zentro berriak eta atzo bertan izan ziren Getariako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak egoitza bisitatzen. Getariako alkate Nika Lertxundik eta Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azpiegitura eta bertako egunerokoa ezagutu zituzten eta «adineko pertsonentzat bereziki prestatuko egoitza ederra» dela eta bi erakundeen arteko elkarlanari esker egin ahal izan dutela nabarmendu zuten. Nika Letxundik azaldu zuenez getariarren beharrei erantzungo dio eguneko zentroak etorkizunari begira. Izan ere, «egun Getarian 65 urtetik gorako 547 herritar baino gehiago ditugu. Horietako batzuk menpeko pertsonak dira eta egoitza berriak horientzat eta beren familientzat laguntza izatea espero dugu».Balentziaga kaleko Ulpiano Vigil-Escalera eraikin berrian kokatuta dago Getariako Eguneko Zentroa, osasun zentroarekin eta haur eskolarekin batera. 20 lagunentzat lekua dago bertan, baina oraingoz bederatzi erabiltzaile ditu. Orain arte portuko Itxas-Etxe eraikineko 3. solairuan ematen zuten zerbitzua; orain urrats bate aurrera eman eta erabiltzaileentzat eta bertan lan egiten duten profesionalentzat egoitza «erosoagoa, argiagoa eta osatuagoa» prestatu dute. Ildo horretan, Rodriguezek eguneko zentroen garrantzia nabarmendu zuen: «eguneko zentroaren helburua da erabiltzaileek ahalik eta autonomia mailarik handiena berreskuratzea edo mantentzea».
Erabiltzaileen ongizatea eta osasuna mantentzeko eta hobetzeko datozen hilabetetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Nahieran programa pilotua jarriko du martxan Getariako Eguneko Zentroan; horren bidez adineko pertsonei eguneko zentroa malgutasun handiagoarekin erabiltzeko aukera eman nahi zaie, bakoitzaren beharretara egokituta.
Arlo prebentiboa ere landu nahi dute; beraz, Nahieran programarekin adineko pertsonek zerbitzu jakinetan parte hartzeko aukera izango dute, bertan egun osoa pasa beharrik izan gabe.
Herritarrei aurkezpena
Otsailaren 28an, larunbatean, hamarkadetan zehar Getariako medikua izan zen Ulpiano Vigil-Escalera Azkoagari omenaldia egingo dio Getariako Udalak eta eraikinaren irekiera ofiziala egingo dute. Bertan herritarrek eraikina bera, eguneko zentroa eta haur eskola bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.