Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguez, Getariako alkate Nika Lertxundi, EAJko zinegotzi Rosi Antia eta Mendekotasun Arretarako Foru zuzendari Txelo Perez. (Egilea: Aritz Mutiozabal)
Otsailaren 2an ireki zituen ateak Getariako Eguneko Zentro berriak eta gaur bertan izan dira Getariako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak egoitza bisitatzen. Getariako alkate Nika Lertxundik eta Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azpiegitura eta bertako egunerokoa ezagutu dute eta "adineko pertsonentzat bereziki prestatuko egoitza ederra" dela eta bi erakundeen arteko elkarlanari esker egin ahal izan dutela nabarmendu dute. Nika Letxundik azaldu duenez getariarren beharrei erantzungo dio eguneko zentroak etorkizunari begira. Izan ere, "egun Getarian 65 urtetik gorako 547 herritar baino gehiago ditugu. Horietako batzuk menpeko pertsonak dira eta egoitza berriak horientzat eta beren familientzat laguntza izatea espero dugu".
Ulpiano Vigil-Escalera Azkoaga eraikin berrian kokatuta dago Getariako Eguneko Zentroa, osasun zentroarekin eta haur eskolarekin batera. 20 lagunentzat lekua dago bertan, baina oraingoz bederatzi erabiltzaile ditu. Orain arte portuan Itxas-Etxe eraikineko 3. solairuan ematen zuten zerbitzua, baina orain urrats bate aurrera eman eta erabiltzaileentzat eta bertan lan egiten duten profesionalentzat egoitza "erosoagoa, argiagoa eta osatuagoa" prestatu dute. Ildo horretan, Rodriguezek eguneko zentroen garrantzia nabarmendu du Getarian: "eguneko zentroaren helburua da erabiltzaileek ahalik eta autonomia mailarik handiena berreskuratzea edo mantentzea eta mendekotasuna ez handitzeko neurriak aurrez hartzea; erabiltzaileen ongizatea eta osasuna mantentzea alegia". Ildo horretan, datozen hilabetetan Gipuzkoako Foru Aldundiak
Nahieran programa pilotua jarriko du martxan Getariako Eguneko Zentroan; horren bidez adineko pertsonei Eguneko Zentroa malgutasun handiagoarekin erabiltzeko aukera eman nahi zaie, bakoitzaren beharretara egokituta hain zuzen ere. Arlo prebentiboa ere landu nahi dute; beraz,
Nahieran programarekin adineko pertsonek zerbitzu jakinetan parte hartzeko aukera izango dute, bertan egun osoa pasa beharra izan gabe.
Herritarrentzat aurkezpena
Hilaren 28an hamarkadetan zehar Getariako medikua izan zen
Ulpiano Vigil-Escalera Azkoagari omenaldia egingo dio Getariako Udalak eta eraikinaren irekiera ofiziala egingo dute. Bertan herritarrek eraikina bera , eguneko zentroa eta haur eskola bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Eguneko zentro berria, barrutik (Aritz Mutiozabal/Hitza)