60 urterekin jarri zen lehen aldiz kamera aurrean (Getaria, 1939), eta ordutik ez da geratu: Loreak filma Goya sarietara iritsi da, eta han egindako lanagatik Feroz saria jaso berri du.
Goya sarietarako izendatua izan den lehen euskarazko filma izanda Loreak. Urrats garrantzitsua al da hori ?
Bai. Pena izan da saririk ez jasotzea, baina uste dut Loreak bertan izate hutsa aurrerapauso handia dela euskal zinemarentzat. Lehen ezustekoa Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzea izan zen, zinema jaialdi garrantzitsua baita. Ez genuen saririk jaso, baina kritika oso onak izan zituen filmak, eta komunikabideetan oihartzun handia izan zuen, gainera. Zinemaldian izateak ateak ireki dizkigula uste dut. Ondoren etorri dira beste aitorpenak, tartean Goya sarietarako izendapena. Dena dela, sariren bat irabazi izan bagenu poza sentituko nukeen Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga zuzendariengatik; oso jende ona da, eta gaiak lantzerakoan sentsibilitate berezia dute. Lantaldea ere bikaina da.
Loreak lanak ez du Goya-rik lortu asteburuko galan, baina zuri Feroz saria eman berri dizute taldeko aktore onena izateagatik. Zer sentitu zenuen?
Asko hunkitu nintzen saria eman zidatenean. Garrantzi handiko saria da Feroz, zinema arloko kritikariek eta kazetariek ematen baitute. Ekitaldian, saria jaso behar nuenean oso urduri nengoen, ez nuen ezer ikusten eta ez nekien zer esaten nuen ere. Zuzendariek esan zidaten eskenatokira irten nintzenean areto guztia zutik jarri zela, baina momentuan ni neu ez nintzen konturatu. Ondoren, Interneten ikusi nituen irudiak, eta zirrara sorrarazi zidaten. Eskerrak momentuan ez nintzen ohartu, oraindik eta urduriago jarriko bainintzen. Niri eman zidaten Feroz saria, baina uste dut beste bi neskek ere, Nagore Aranburuk eta Itziar Ituñok, nik adina merezi dutela; hiruron lana izan baita.
Talde lana ezinbestekoa da, beraz?
Talde lana oso garrantzitsua da eta 80 egunetan eta Loreak filmetan giro bikaina izan dugu geure artean. Zuzendariaren jarrerak zeresan handia izaten du, askotan errepikatu behar izaten baitira eszenak. Beti izaten dira hutsegiteak, eta une horietan zuzendariak baikorrak izatea oso inportantea da. Filmatzen ordu asko pasatzen dira, eta azkenean familia handi bat bihurtu gara.
Film bat barrutik sentitzea, eta ondoren emaitza ikustea, desberdina al da?
Nik Loreak filma ikusi nuenean oso gaizki pasa nuen. Aktoreok filma lehen aldiz ikusten dugunean denok sentipen bera izaten dugula uste dut, norberaren lanari begira izaten baikara. Bigarren aldiz filma ikusitakoan, berriz, filmaren barruan gehiago sartzen gara, eta beste mota bateko analisia egiten dugu.
Kritikak oso ondo hartu zaitu. Jaso dituzun sariek Espainia mailako zineman ateak irekiko dizkizula uste al duzu?
Gu Espainia mailan ezezagunak gara, ez gaude mundu horretan murgilduta. Feroz saria eman zidatenean argi ikusi nuen hori. Bertara joan ziren aktore gazteak ezagunak dira telebista telesailengatik eta filmeengatik; ni, berriz, ez ninduten ezagutzen. Dena dela, izendatu guztiak elkarrekin egon ginen, eta oso jatorrak iruditu zitzaizkidan denak. Bertan beste zuzendariak ezagutzu nituen, eta oso ondo portatu ziren; saria eman zidatenean denak etorri zitzaizkidan zorionak ematera. Zinema munduko jendearen partetik berotasuna sumatu nuen nik.
Agian zinema zuzendari ezagunen batek deituko dizu orain?
Posible da. Ez, txantxa da. Nik Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga zuzendariei hirugarren filma egin behar dugula esaten diet, lanari azken ukitua emateko.
Zinemaren egoerari dagokionez, proiektuak iritsi zain egon behar izaten al duzue aktoreok?
Inguruan ezagutzen naute, baina bestela probetara joan behar izaten dut. Garañok eta Goenagak lehen aldiz deitu zidatenean ere proba egin nuen. Aurretik Martin telesaila egin nuen. Amona martxosaren papera egiten nuen han, eta 80 egunean filmeko papera oso bestelakoa zen. Zuzendariek gero aitortu zidaten papererako egokia izango nintzenaren zalantza izan zutela hasieran. Proban egin nuen lana gustatu zitzaien, eta Axunen papera egiteko aukeratu ninduten. Loreak filmarako, berriz, ezagutzen ninduten.
Jaso dituzun sariak azken urteetako lanaren aitortza direla iruditzen al zaizu?
Bai. 75 urte ditut, eta ez dakit horrelako beste aukerarik izango ote dudan. Hala ere, ez dut lana egiten ekarriko didanean pentsatuz. Nik gustura egiten dut lana, asko betetzen bainau. Batzuetan galdetzen didate ea interpretazio munduan lehenago hasi ez izanaz damutzen naizen. Nik uste dut gauzak etorri behar dutenean iristen direla. Nik duela 20 urte beste eginkizun batzuk nituen; ez dut atzera begiratu nahi, aurrera begiratu behar da beti. Lehenago hasi izan banintz ez baitakit non egongo nintzatekeen orain. 60 urterekin murgildu nintzen antzezpenaren munduan, eta oso gustura nago eman nuen urratsaz.
Bat-batean etorri al zitzaizun aukera?
Ez zitzaidan etorri, bila joan nintzen. Gaztetan antzerki talde batean parte hartzen nuen Getarian, baina urte askotan zehar antzerkia alde batera utzita izan nuen, hiru seme-alaba eta denda bainituen. 60 urte inguru nituela ordea, Goenkale ikusten nuen eta asko gustatzen zitzaidan; euskarazko telesaila izanda, bertan parte hartu nezakeela pentsatzen nuen. Horrela, egun batean Miramonera hots egin nuen, eta 60 urte nituela eta gaztetan antzerkia egindakoa nintzela aipatu nien; proba baterako deitu zidaten, baina oraindik niretzat paper egokirik ez zutela esan zidaten. Bi aste geroago hots egin zidaten, Dolores emakume gaiztoaren papera egiteko. Hortik aurrera, mundu berri bat ireki zitzaidan. Telesail ugaritan parte hartu dut, paper txikiagoak eta handiagoak egin ditut, baina aitorpena azken bi lanekin iritsi zait; 80 egunean eta Loreak filmekin, hain zuzen ere. Eskerrak eman behar dizkiet Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga zuzendariei, eman didaten aukeragatik.
Antzezpenaren munduan murgildu zinenetik asko aldatu al da zure egunerokoa?
Ez, bizitza lasaia daramat. Hala ere, pelikularen bat filmatzen ari naizenean ez dut izaten lagunekin kafea hartzera edo parrokiako abesbatzako entseguetara joateko denborarik. Horretaz gain, egia da azkenaldian ezagutzen ez dudan jende asko etorri zaidala zorionak ematera, eta hori pozgarria da. Filmak edo nik jasotako izendapenak eta sariak Euskal Herri osoaren sariak direla sentitzen dute herritar askok, eta hori ohorea da guretzat.
Erretiratzeko asmorik ba al duzu?
Nik uste dut aktore bat ez dela inoiz erretiratzen, adinak, osasunak edo lanik ez izateak erretiratuko gaitu. Antzezpenak ez du adinik, osasuna badut, gorputzak eusten didan bitartean antzerkian jarraitu nahi dut. Zaila dena proiektuak aurrera ateratzea da, ez dago dirurik horiek garatzeko, laguntzak gero eta murritzagoak baitira.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide