Haur taldea Cristobal Balentziaga Museora sartzen. (Iturra: Cristobal Balentziaga Museoa)
Cristobal Balentziaga Museoak 37.543 bisitari izan ditu 2014an. Aurreko urtearekin alderatuz bisitari kopurua txikiagoa izan da, baina azken hiruhilekoaren datuak ikusita gorakada sumatu du zuzendaritzak, 2013ko aldi berarekin alderatuz %24ko gorakada izan baita. Ildo horretan, museoan egindako kultur jarduerek bisitariak sasoiz kanpo erakartzen lagundu dutela uste dute museoko arduradunek. Cristobal Balentziaga Museoko zuzendari Miren Vives Almandozen esanetan, «jorratu beharreko bidea da hori, bestela museora etorriko ez liratekeen herritarren artean Balentziagaren lana ezagutarazten eta zabaltzen laguntzen baitu».
Hezkuntza arloan egindako lanak ere eman ditu bere fruituak. Alde batetik, museoak «ahalegin handia» egin du eskola programak sustatzeko; eta bestetik, familiei zuzendutako tailerretan, oporraldietan umeei zuzendutako jardueretan eta heldu eta profesionalentzako ikastaroetan eskaintza sendotu dute.
Bisitari kopuruarekin gustura izateaz gain, 2014an museoaren bilduma osatzen urrats garrantzitsua eman dela nabarmendu dute arduradunek. «500 piezatik gora jaso dira dohaitzan. Oso pozgarria da hori museoarentzat, bildumaren adierazgarritasuna eta berezitasuna handitzen baita horrela».
2015erako aurrikuspena
2015ean museoak 1.479.000 euroko aurrekontua izango duela jakinarazi dute arduradunek; iazkoarekin alderatuz %8,5 handitu dira erakunde publikoen ekarpenak.
Lan ildoari dagokionez, Cristobal Balentziagaren enpresa dimentsioa eta lanbidea jorratuko dituzte museoan aurten. Vives Almandozen esanetan, piezak erakuskeaz gain, «historia kontatzeak ere garrantzia duelako».
Gainera, hezkuntza esparruan inbertitzen jarraitu nahi dute, ikastaro espezializatuak eta master-class saioak indartzen, batez ere. Horretarako, moda sektoreko eragileekin elkarlanean arituko da museoa, eta gizarte eta kultur eragileekin ere indartu nahi du elkarlana.
Horretaz gain, museoa bisitatzeko modu berriak ere jarriko ditu abian Cristobal Balentziaga Museoak.