Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Guztiok bat! parte hartze prozesuaren barruan 98 proposamen jaso ditu Getariako Udalak, eta udal gobernua «oso gustura» dago arlokako eta auzoetako bilerek eman duten emaitzarekin. «Parte hartu duten herritarren kopurua beste urteetakoen antzekoa izan da, 58 lagunek parte hartu baitute egitasmoan. Hala ere, nabaritu dugu herritarrek proposamen gehiago egin dituztela; bileretara proposamenen inguruan hausnarketa eginda etortzen dira, eta hori oso pozgarria da», azaldu du Getariako Udaleko Parte-Hartze zinegotzi Aitor Irigoienek.
Inoiz baino iradokizun gehiago jasotzeaz gain, bileretako giroa ere «oso ona» izan dela nabarmendu du. Ildo horretatik, Irigoienek uste du azken urteetan prozesuak izan duen bilakaeraren giltza dela bertan jasotako proposamenak kontuan hartzea. «Bileretan herritarrek egiten dituzten proposamen asko ez dira udalaren eskumenekoak izaten, eta kasu horietan dagokien erakundeei bideratzen dizkiogu».
Udalaren eskumenekoak direnak, berriz, aztertu eta «ahal den heinean» udal aurrekontuan txertatzen saiatuko da udal gobernua. «Beti ez da posible izaten, gutxiengoan agintzen ari garenez beste udal taldeekin negoziatu behar izaten baitugu», zehaztu du Parte-Hartze zinegotziak. Hala ere, «aurreko urteetan proposatutako gai asko egun erralitatea dira»: besteak beste auzoetara autobus zerbitzua jartzea, auzolan egitasmoa, haur parkeak eta herribideak konpontzea. «Horrek proposamenak egiten jarraitzera animatzen ditu getariarrak».
Parte-hartzea sustatzea xede
Datozen urteetarako erronka herritarren parte-hartzea handitzea dela zehaztu du Irigoienek. «Guztiok bat! prozesua egonkortu egin da, eta Udala Informatzen eta auzolan ekimenek ere harrera ona dute herritarren artean». Beste herrietako esperientziarekin alderatzen bada, «Getarian parte- hartze maila ona» dago. Dena dela, «lan asko dago egiteko. Agintaldia hasi genuenetik garrantzia handia eman diogu parte-hatzeari, eta bide hori jorratzen jarraitu nahi dugu».