Etorkinentzako diru laguntzen aurkako jarrerez hitz egingo dute bihar Getarian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abenduaren 2a

Bihar iluntzean pil-pilean dagoen gai bat izango dute hizpide Cristobal Balentziaga Museoan Elan-Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta. Etorkinentzat diru laguntzen kontrako politikak: botoak lortzeko estrategia berriak hitzaldia emango dute Garbiñe Biurrun epaileak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeko ordezkari Agustin Unzurrunzagak, 18:30ean. 1993an sortu zuen Unzurrunzagak Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundea, eta hiru urte daramatza «aurriritzi eta uste okerrak» gainditzeko herriz herri tailerrak eta hitzaldiak ematen. «Lehen zurrumurrua zena, orain agenda politikoko gaia bihurtu da, eta hori gainditzeko lanketa egin behar dugu gizarte eragileok eta erakundeek elkarlanean». SOS Arrazakeria-ko ordezkariaren iritziz, gizarte laguntzen aurkako diskurtsoa mendebaldeko herrialdeetan oro har zabaltzen ari den fenomenoa da. «Eskuin neoliberalen artean zabaldutako ustea da pobrezia egoeran dagoena berak hala nahi duelako dagoela. Horren barruan, uste dut eskuin muturra gogor erasotzen ari dela etorkinek diru laguntzak izan ez ditzaten». Zurrumurruek «salto kualitatibo bat eman» eta ideia horiek guztiak proposamen politiko bihurtzeak kezkatzen du Unzurrunzaga; Jabier Maroto Gasteizko alkateak egindako adierazpenak hor kokatzen ditu, lehentasun nazionalaren ideian. «Eskuin muturrak esaten du bertakoak babestuko dituen Estatua behar dugula. Horrela, hasieran legez kanpoko etorkinak baztertu nahi dituzte, eta hurrengo urratsa etorkin guztiak laguntza horietatik kanpo uztea izango da. Bertako pobreak etorkin pobreen aurka jartzen dituzte, etorkinek laguntzarik jasotzen ez badute bertakoek gehiago jasoko dutela adieraziz». Krisi ekonomikoaren testuinguruan, mezu horrek egoera gogorra bizi duten gizarteko sektoreengan oihartzuna duela uste du SOS Arrazakeria elkarteko kideak. «Herritarrak politikarien eta erakundeen aurka jarri beharrean, beren egoera bera bizi dutenen aurka jartzen dituzte. Joko horretan eskuin muturrak irabazten du, oso erraz identifikatu daitekeen arerioa izendatzen baitu, arerioa erreala izan ez arren». «Gezur borobilak» Unzurrunzagak argi utzi du etorkinek ez dituztela laguntza gehiago jasotzen eta ez dutela laguntzak jasotzeko erraztasunik. «Gezur borobilak esaten dira gai horren inguruan. Etorkinek eta bertakoek baldintza berak bete behar dituzte diru laguntzak jasotzeko eta babestutako etxebizitzak alokatzeko. Askotan egoerak sakonean ezagutu gabe kasu jakinak orokortu egiten dira, eta ondorio okerrak atera». Gainera, Unzurrunzagak uste du zerikusirik ez duten gaiak ere nahasten dituztela, gizartean eragingo duen diskurtso bat sortzeko. «Jabier Marotok esaten duenean errolda fiktizioa dagoela eta horregatik etorkinek laguntzak jasotzen dituztela, hori gezurra da. Izan ere, etxebizitza bakoitzean erroldatutako bi pertsonek baino gehiagok ezin dute gizarte diru laguntzarik jaso». Dena dela, SOS Arrazakeria-ko kidearen iritziz, oso erraza da «lotura okerrak egin eta horiekin herritarrak haserraraztea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide