Getarian autobus geltokia egokitzen ari dira

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 26a

Zumaiako norantzako autobus geltokia irisgarritasun irizpideen arabera egokitzen ari dira Getarian. Lanek herritarren egunerokoan ahalik eragozpen gutxien sortzeko asmoz, Getariako Udalak langile bat jarri du igarobide egokituak eta zirkulazioa bideratzeko. Izan ere, hainbat lan ari dira batera egiten herrian: N-634 errepidean herrigune parean egiten ari diren saneamendu lanek denboran bat egin dute autobus geltokia egokitzeko lanekin, eta ahal den heinean arazoak saihestu nahi ditu udalak. Herritarrak aspalditik ari ziren Getariako Udalari eskatzen Zumaiako norantzako autobus geltokia egokitu zezan. Orain arte autobusek ez zuten maniobra egiteko nahikoa leku, eta espaloira gerturatu ezin zutenez, autobusetik jaitsi behar zuten herritarrek zuzenean errepidera jaitsi behar izaten zuten; mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat eragozpen bat da hori, baita adineko pertsonentzat eta ume kotxearekin jaitsi behar zutenentzat ere. Getariako Udalak Irisgarritasun Planean jaso zuen konpondu beharreko hutsune bezala, eta Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuen arazoari irtenbidea nola eman aztertzeko. Lanak aldundiak finantzatuko ditu bere osotasunean, eta udalak gidatuko ditu; hiru aste irautea aurrikusi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide