[caption id="attachment_116184" align="aligncenter" width="300"]

Artzape Euskara Elkarteko kide Izaskun Urbieta eta Monika Uzkiza (Aritz Mutiozabal/Hitza).[/caption]
Eñaut Elorrietak
Deserriko Kantak diskoa aurkeztuko du ostiralean Getarian. Cristobal Balentziaga Museoan izango da kontzertua, Artzape Euskara Elkarteak antolatuta. 22:00etan hasiko da saioa, eta kontzertu akustikoa izango da. Hasiera batean oholtza gainera Elorrieta bakarrik igotzea zen asmoa, baina taldeko gitarra jotzailea ere lagun izango du azkenean. Gainera, Getariako Elkano Abesbatzak eta herriko hainbat dantzarik ere ikuskizunean parte hartuko dute. «Eñaut Elorrietaren ideia izan da herriko eragileek kontzertuan parte hartzea, kontzertu berezia izatea nahi baitu. Modu horretan, kontzertua herrira ekarri nahi izan du. Abesbatzako kideak, gainera, oso gustura daude Elorrietarekin abesteko aukera dutelako», azaldu du Monika Uzkiza Artzape Euskara Elkarteko kideak.
Kontzertua 22:00etan hasiko bada ere, museoko taberna 21:00etatik 24:00etara zabalik egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. «Tabernan ere Artzape Euskara Elkarteko kideok izango gara lanean, eta bertan ateratzen dugun irabazia elkartearentzat izango da».
Kontzertuko sarrerak agortu dira. «Harrera ezin hobea izan du kontzertuak. 550 lagunentzat tokia dago museoko aretoan, eta sarrera guztiak saldu ditugu. Horregatik, inguruko herrietatik etortzen direnei ibilgailuak portuan aparkatzea gomendatzen diegu, herrigunean zirkulario arazorik ez egoteko».
Herriko taldeen egutegia
2013ko urrian sortu zuten Artzape Euskara Elkartea, herrian euskara bultzatzeko eta euskararen alde lanean ari diren herriko eragileei babesa emateko asmoz. Hala, elkartearen helburua euskararen inguruan herrian sortzen diren ekimenak sustatzea, babestea eta horiek diruz laguntzea da. «Artzape aldizkariak uneren batean diru laguntza beharko balu, esaterako, hori finantzatzeko ere erabiliko litzateke elkarteak ekimen desberdinetatik lortzen duen irabazia», azaldu du Izaskun Urbieta taldeko kideak. Hasiera batean, elkarteak ez du erakundeei dirurik eskatzeko asmorik, «autofinantzaketa bidez lan egin nahi dugu urtean zehar hainbat ekitaldi antolatuta».
Ostiralean Elorrietak emango duen konztertuaz gain, Artzape Euskara Elkarteak 2015eko egutegia salgai jarriko du ostiraletik aurrera. «Herriko hainbat taldek parte hartu dugu egutegian, besteak beste udaleko langileek, surf elkarteak, bertso elkarteak, Gure Txeruko kideek eta Urritza Asialdi Taldeak. Hilabete bakoitzean herriko talde bat izango da protagonista. Zortzi eurotan jarriko dugu salgai, herriko hainbat saltokitan».
«Herritarrak elkartean parte hartzera animatu nahi ditugu proposamenak egin eta ekitaldiak antolatzen lagundu diezaiguten», deia luzatu dute Artzapetik.