Mendi Astea egingo dute datorren astean Getarian

Aritz Mutiozabal 2014ko azaroaren 7a

[Sasoian.info]  GPSaren erabilerari buruzko ikastaroarekin hasiko da Getariako III. Mendi Astea. Saioa datorren astelehenean eta asteartean izango da, 19:30ean hasi eta 21:00ak aldera arte, eta Alejandro Egurbide arduratuko da hasierako pausoak erakusten Alondegira gerturatzen direnei. Patagonian Cerro Torre eta Poincenot Orratzan igoera bideo-emanaldia eskainiko dute Aitor Aranburu irundarrak eta Egoitz Zubizarreta arrasatearrak, asteazkenean (azaroaren 12an); 19:30ean hasiko da, Alondegian. Ikus-entzunezkoaren ondoren, solasaldia egingo dute. Toki eta ordu berean, baina egun bat geroago, azaroaren 13an, Mendiaren bi ikuspegi mahai-inguruan bilduko ditu bi getariar: Uxoa Irigoien mendi lasterkaria eta Jokin Egurbide mendizalea, hain zuzen ere. Mendi Astearekin bukatzeko, mendi irteera bat antolatu dute iganderako (azaroaren 16an). Bizkaiko kostaldeko seigarren etapa egingo dute: alegia, Gorliz eta Zubi esekia lotzen dituen ibilbidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide