Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2015eko udal zergak eta tasak erregulatuko dituen Ordenantza Fiskala kaleratu du Getariako Udalak eta hurrengo urtean herritarrek ordainduko dituzten tarifak izoztea erabaki du. Joan den astean egindako Ogasun Batzordean onartu zen zergei eta tasei igoerarik ez aplikatzeko Udal Gobernuak egindako proposamena: «Herritar asko oso egoera juxtu eta larrian daude... Hau ikusirik, irizpide orokor gisa, 2015ean zerga eta tasak izoztea planteatzen da». Aldaketarik egon ez denez, erabakia ez da Plenora eramango, baina herritarrek bere ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute udaletxean bertan.
«Irizpide objektibotan oinarritu asmoz» Hego Euskal Herriko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) kontuan hartu da, baina 2013ko abuztutik 2014ko abuztura bitarteko KPI tasen batez bestekoa negatiboa izanik (-%0,45 ) udal zerga eta tasei KPIren igoerarik ez zaie aplikatuko aurten.
Eskualdeko Udalen joera jarraitu du Getariako Udalak tasak eta zergak izoztean, Azkoitia, Zestoa eta Zumaiako Udalek ere ez baitute aldaketarik egin.