Getariako EAJ-PNVk prentsaurrekoan aurkeztu du Uxoa Larrañaga, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan. Joan den astean egin zen batzarrean onartu zuten Larrañagaren hautagaitza aho batez.
Uxoa Larrañaga zinegotzia da gaur egun Getariako Udalean eta Arrate Albizu, Getariako EAJ-PNVren lehendakariak, eskertu egin dio erronka berri honetarako erakutsi duen "jarrera ona eta azken urteotan getariar guztien alde egiten ari den lana".
Larrañaga hautagaiak EAJk eta alderdikideek eman dioten babesa eta beregan jarri duten konfiantza eskertu ditu. "Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da. Pertsonak eta haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusia... Nire helburua Getariako eta auzoetako bizilagunei entzunez eta hauek egindako ekarpenekin osatutako gobernu programa aurrera eramatea izango da" argitu nahi izan du Larrañagak hautagaitzaren aurkezpenean.