Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean Getariako Udalaren kontra epaiketa bat egitekoak ziren, baina bertan behera gelditu zen. Izan ere, ostegunean ezohiko premiazko udalbatzarra egin zuten Getarian, eta udalak erabaki zuen aldeko 5 botorekin eta 5 abstentziorekin Enrique Aizpurua udal arkitekto ohiarekin akordiora iritsi eta honek «bidegabeko kaleratzeagatik» eskatutako 148.830 euroak ordaintzea. Udalaren defentsan aritu den Jose Juan Viyella Ugarte abokatuak aurkeztutako txostenaren arabera, Aizpuruak udalari jarritako demanda ezesteko aukera ia ezinezkoa litzateke, eta epaiketa galtzeak udalari 300.000 euro baino gehiagoko kostua eragingo lioke.
Hala, EH Bilduren eta Getaiko Independenteen aldeko botoekin erabaki zen arkitekto ohiarekin akordioa itxi eta 123.000 euro gehi BEZa ordaintzea eta epaiketa bertan behera uztea. EAJko kideek ez zuten nahi izan bozketan parte hartu, eta batzar aretotik alde egin zuten bost zinegotziek bozketa egin baino lehen. Diru kopuru hau ordaintzeko udalak kreditu aldaketa bideratu beharko du indarrean dauden aurrekontuetan. Kreditu aldaketa jendaurrean jarriko da hiru astez, eta erreklamaziorik aurkezten ez bada behin betiko onartutzat joko da.
30 urte udalean lanean
Enrique Aizpuruak Getariako Udalean egindako ibilbidearen laburpen kronologikoaren txostena entregatu dio Viyella abokatuak Getariako Udalari. Dokumentu horren arabera, Aizpuruak 30 urtez baino gehiagoz eta ia etenik gabe jardun zuen Getariako Udalean lanean udal arkitekto gisa.
Enrique Aizpurua 1981eko irailaren 21ean kontratatu zuen lehen aldiz Getariako Udalak, Isaak Ostolaza Getariko Ezker Abertzale Batasuneko ordezkaria alkate zela. «Administrazio-kontratu» bat egin zitzaion une horretan «Udaleko Arkitektura Departamentuaren kargu egin zedin». . Urtebete baino gehiago iraun ezin duten eta luzatu eta berritu ezin diren kontratu motak dira horiek. 1985. urtera arte etenik gabe jardun zuen udalean Aizpuruak, eta urte hartan administrazio-kontratu hori «zerbitzuak emateko kontratuagatik aldatu» zion Mariano Camio EAJko ordezkariak gidatutako une horretako udal gobernuak.
Viyellak udalari aurkeztu zion txostenaren arabera, 2000. urtean Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) irregulartasunak atzeman zituen aurreko urteko udaleko kontuen fiskalizazioa egin ostean. HKEEren arabera, Aizpurua udal arkitektoak jasotako errentak «ez ziren aitortuak izan» eta ez ziren zegozkion zergak behar bezala ordaindu. Gainera, HKEEk 80. hamarkadatik aldatu ez zen udal arkitektoaren lan kontratu mota eguneratzeko gomendioa egin zion Iosu Ezenarro EAJ-EA koalizioko alkateak zuzendutako udalari. Baina Epaitegiak esandakoari kasu egin gabe, 2000. urteko otsailaren 29ko udalbatzarrean udal arkitektoaren lan kontratu beraren jarraipena sinatu zen. 20 ordutik 60 ordura igo zitzaion lanaldia, eta egoera berean lanean jarraitu zuen Aizpuruak 2010era arte.
2010eko irailean, Andoni Aristi EAJko ordezkaria alkate zuen udalak ebatzi zuen Aizpurua arkitektoak nahitaez erretiroa hartu behar zuela 65 urte bete zituelako, baina ebazpena ez zen bete, eta Aizpuruak arkitekto gisa zerbitzuak eskaintzen jarraitu zuen. Halaber, urte hartako azaroan Elena Biurrun udal arkitekto berria izendatu zuen udalak, eta abendu amaieran Aizpuruak arkitekto berriari laguntza emateko proposamena onartu zuen. Hala, bi arkitektorekin geratu zen udala.
2011ko udal agintaldi aldaketarekin batera, Elena Biurrun arkitektoaren kontratua bertan behera uztea eta arkitekto bakarrarekin lanean jarraitzea erabaki zuen udalak. Aizpuruaren lan egoera eta kontratua eguneratu, eta 2013ko abuztura arte aholkularitza zerbitzuak ematea ahalbidetzen zion lan hitzarmenta sinatu zuten. Kontratu honen iraunaldia amaitu zenean, beste 9 hilabetez udal arkitektoaren zerbitzuak kontratatzea erabaki zuen EH Bilduko udal gobernuak. Behin indarrean zegoen kontratu motak ahalbidetzen zuen gehienezko bi urteak igaro zirenean, 2014ko maiatzean, Aizpuruaren zerbitzuen kontratazioa behin betiko amaitutzat eman zuen Nika Lertxundi alkatetzat duen gaur egungo udalak.
Kontratua eten eta hilabetera, ekainaren 19an, jarri zuen aurre-erreklamazioa Aizpuruak, udalari «bidegabeko kaleratzea» egotzita. 30 urtean ordaindu ez zitzaizkion zerga ordainketak erreklamatu, eta salaketa jarri zuen.
Auzia eta akordioa
Viyellaren txostenaren arabera, urte hauetan guztietan udalaren eta Aizpuruaren arteko lan harremana «arkitektoaren funtzioen babes legala guztiz bermatzen ez zuten kontratuek erregulatu dute». Gainera, «tarteka iraungitako kontratuekin» ere jardun zuen lanean Aizpuruak. Udalarekin zuen lan harreman honek udalaz kanpoko bestelako lanak egiten jarraitzea ere ahalbidetu zion. Baina Viyellaren arabera, «ez da posible udalaren eta arkitektoaren artean hainbeste urtean mantendu den lan harremana ukatuko duen babes legala aurkitzea. Horregatik, auzitegiak Aizpurua jaunaren salaketa atzera botatzeko aukerak hutsalak dira».
Hala, abokatuak txostenean dio Aizpuruari ordaindu beharreko errentaren, pentsioaren eta isunen batuketa 300.000 eurotik gorakoa izan daitekeela.
Diru kopuru horiek mahai gainean jarri zituzten ostegunean ezohiko premiazko udalbatzarrean, eta erabakia Aizpuruarekin akordiora iristea izan zen. Nika Lertxundi alkateak UROLA KOSTAKO HITZAri hala azaldu dio: «Arduraz jokatu nahi izan dugu eta baliabide publikoak babestu. Erabaki onena hartu nahi genuen eta, epaia galduta geneukala jakinda, ahalik eta kalte gutxiena eragin nahi genion herriari», esan du.
«Duela 30 urtetik datorren garrantzia handiko gaia izanik», erabakia udalbatzarrean hartzea ezinbestekoa zela iritzi zion alkateak ostegunean, eta horregatik egin zutela ezohiko premiazko batzarra. Andoni Aristi EAJko zinegotziak «berandu eta presaka» aritzea egotzi zion EH Bilduri, ekainetik hona «adostasunik ez biltatzea» leporatu zien eta gaian ez sartzea eta abstenitzea erabaki zuten EAJko zinegotziek. Aitor Bikuña Getaiko Independenteen ordezkaria, berriz, akordioaren alde agertu zen eta «Getariako Udalaren baliabide publikoak babestearren», aldeko botoa eman zuen.