Katxapo eraikina eta ingurua auzolanean txukunduko dituzte larunbatean Getarian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 7a

[caption id="attachment_111687" align="aligncenter" width="300"]Getariako San Anton mendia (Amaia Ventas/Hitza). Getariako San Anton mendia (Amaia Ventas/Hitza).[/caption] Getariako udal gobenua ahalegina egiten ari da udaleko nahiz herriko martxan herritarren parte-hartzea sustatzeko. Ildo horretan, larunbatean auzolanean San Anton mendiko Katxapo eraikina eta horren ingurua txukuntzeko eta pintatzeko deialdia egin dute. Udaletik argi adierazi nahi dute ez dela aditua izan beharrik auzolanean parte hartzeko, eta adin guztietako herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte. Auzolanean parte hartzeko getariarrek ez dute inon izena eman beharrik izango, egunean bertan 09:30ean plazara azaltzea nahikoa izango da. Plazatik oinez abiatuko dira parte-hartzaileak Katxapora, eta bertan auzolanean arituko dira. Familia argazkia atera ostean herrira itzuliko dira, eta elkarte gastronomiko batean hamaiketakoa egingo dute. Egun auzolan gutxi egiten bada ere, Getariako Udaleko Parte-hartze zinegotzi Aitor Irigoienen esanetan, duela hainbat urte Getarian, eta oro har Euskal Herriko herrietan, «oso ohikoa zen herria txukuntzeko eta konpontzeko herritarrak elkartu, eta auzolanean lan horiek egitea. Azken hamarkadetan herrian kultura hori nolabait galdu egin dela dirudi, eta pixkanaka berreskuratu egin nahi dugu, azaldu du Irigoienek. Auzolana ohiko ekintza izaten ez bada ere, antolatzen denetan herritarrengandik «erantzun ona» jasotzen duela uste dute udalean. «Getarian, Surf Elkartekoek bultzatuta urtean behin Gaztetape hondartza garbitzen da auzolanean, eta arrakastatsua izaten da egitasmoa». Larunbateko auzolanak ere arrakasta izatea gustatuko litzaieke antolatzaileei, eta herritarrak animatu nahi dituzte auzolana berreskuratzera. Larunbatekoa Getariauzolanean egitasmoko lehen ekintza izango da. Antolatzaileen asmoa urtean behin auzolan bat antolatzea da, eta datozen urteei begira herritarrek Getarian zer txukundu daitekeen proposatu dezakete  Getariako Udaleko Parte-hartze Sailean. Parte-hartzea helburu Herritarren artean parte-hartzea sustatzeko hainbat ekimen jarri dituzte martxan azken urteetan; Guztiok bat! Aurrekontu Parte-hartzailea osatzeko prozesua, Getariako Udala Informatzen bilera ireki informatiboak herritarrentzat, festak antolatzeko jai batzorde irekiak «festak herritik eta herriarentzat» antolatzeko, Adierazguneak herritarrek eta eragi- leek beren ekimenen berri eman dezaten eta Getariako Udaleko egoera ekonomikoaren, ordenantza fiskalen eta aurrekontuen berri emateko aurkezpen publikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide