[caption id="attachment_111293" align="aligncenter" width="300"]

Lanak aprobetxatuz autobus geltokia ere berrituko dute. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption]
Datorren astean obra handia abiatuko dute Getarian, errepidean. Horregatik, Zarauztik Zumaiarako zirkulazio norantza portutik barrena desbideratuko dute. Izan ere, ur zikinak bideratzeko hoditegi berria sartuko dute N-634 errepidean, Getariako herrigunetik igarotzen den zatian. «Ur zikinen kanalizazioa egina dago errepidetik gora eta errepidetik behera, baina errepidean hoditegia sartzea falta da», azaldu du Nika Lertxundi Getariako alkateak.
Getariak inburu baten forma duela azaldu du udalak, euri ura Sahatsaga kaletik eta Herrerieta kaletik beheruntz joaten da; udaletxe parean bildu eta Kale Nagusitik behera portura iristen da. «Errepidean ur zikinen kanalizazioa egin gabe dagoenez, euri zaparradak egiten dituenean euri ura ur zikinarekin nahastu egiten da». Arazoa konpontzeko lanak zatika egingo dituzte. Lehenengo, eskailera mekanikoen aurrean zulo handi bat egingo dute lurrean, eta hodi bat eramango dute Sahatsaga kaletik zulo horretara. Gero, bigarren fasean, Kale Nagusia irekiko dute, eta bertatik Sahatsaga kaleraino zanga erraldoia egingo dute hiru hodi sartzeko; ur zikinen hodia, euri urena eta beste ur hodi bat. «Gaur egun hodi bakarra dago, eta aberi bat gertatuko balitz Alde Zaharra eta portua urik gabe geratuko liratezke».
Lanek bi hilabete inguru irautea aurrikusi du udalak, eta lanak N-634 errepidean egingo dituztenez, zirkulazioan aldaketa nabarmenak izango dira datozen hilebeteetan. Zarauztik Zumaiarako norantza portutik barrena desbideratuko dute. «Getariarrek ere, Sahatsaga kalera edo Herrerieta kalera joan nahi badute, portutik barrena sartu eta buelta eman beharko dute. Izan ere, Zumaiatik Zarautzera arteko norantza bakarrik pasako da herrigunetik», zehaztu du Lertxundik. Bestetik, lanek irauten duten bitartean Zarauztik Zumaiarako autobus geltokia portuan jarriko dute.
Getariako Udalak badaki lanek eragozpenak sortuko dituztela, baina «pazientzia» eskatu die herritarrei, egin beharreko lana dela uste baitute. Ahal den heinean eragozpenak saihesteko asmoz, bi udaltzain berri kontratatuko ditu udalak, horrela egun guztian zehar udaltzain bat lanen inguruan zirkulazioa zuzentzen aritu dadin. Herrigunea ez ezik, portu ingurua ere egokitu egin behar dute, ibilgailu zirkulazio handia hartzeko gai izan dadin. Marlkorbe hondartzako aldapan, esaterako, aparkaleku ilara oso bat kenduko dute, eta moilan ere «egokitzapen dezente» egin behar dituzte.
Ur zikinen kanalizazioa lur azpian geratuko bada ere, herriarentzat inbertsio garrantzitsua dela uste du udalak. «Egiten diren eraikinak egunero ikus ditzakegu; hau ezkutuan geratuko da, baina ekologikkoki hobekuntza nabarmena izango da herriarentzat. Ur zikinen %90 tratatzen Gipuzkoan lehendabiziko herria izango gara».
Autobus geltokian aldaketak
Aspalditik eskatu izan dute herritarrek Zarautz-Zumaia norabideko autobus geltokia berritzeko. Nagusien Kontseiluak behin baino gehiagotan jakinarazi dio udalari Zumaiara joateko autobus geltokia ez dela egokia adineko pertsonentzat. «Autobusaren aurrealdea geltokian sartzen da, baina gainontzekoa kanpoan geratzen da, eta autobusetik jaitsi behar duten adinekoek koska handia jaitsi behar izaten dute», azaldu du Lertxundik.
Udala «geltokia berritzeko proiektua lantzen eta finantzazioa lortzeko lanean» aritu da, eta jakinarazi du autobus geltokia irisgarritasun neurriak kontuan hartuta berrituko dutela. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du lanen kostu osoa, eta udalak ez du ezer ordaindu beharrik izango. Ildo horretatik, geltokitik plazarako espaloia 30 zentimetro zabaltzen saiatuko dira.
Getariako Udalak bi lanak aldi berean egin nahi ditu, eta horretarako izapideak egiten ari direla azaldu du alkateak.