25 urte bete ditu Getariako Txakolina Jatorri Izendapenak eta festa egingo dute igandean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 19a

Zeruari adi-adi begira topatu zituen asteazken arratsaldean UROLA KOSTAKO HITZA-k Santarba Txakolindegiko Jose Inazio Manterola eta Agerre Txakolindegiko Emilio Ostolaza. Bero handia egin zuen egunean zehar, eta arratsaldeko trumoi hotsekin, kazkabarra egiteko beldurrez ziren bi txakolinzaleak. [caption id="attachment_109322" align="aligncenter" width="300"]Manterola eta Ostolaza (Aiora Larrañaga/Hitza) Manterola eta Ostolaza (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption] «Mahatsa biltzear gaude eta orain harria botatzen badu, mahastiak hondatu eta hilabeteetako lanak alferrik galdu daiteke», azaldu zuen Manterolak. Izan ere, azken 25 urteetan txakolinaren sektoreak aldaketa nabarmenak izan baditu ere, «lehen eta orain zeruari begira» bizi dira txakolin ekoizleak. «Hori ez da aldatuko, udaberriko eguraldiak guztiz baldintzatzen du urteko uzta, eta irailean ere mahatsa jasotzeko garaia iristen denean adi-adi izaten gara». Mahatsa jasotzear direla ospatuko du Getariako Txakolina jatorri izenak 25. urteurrena. Igandean festa berezia egingo dute Cristobal Balentziaga Museoan, eta txakolin munduko eragileak bilduko dira bertan. Mahasti jaun izan diren bertsolariek parte hartuko dute ekitaldian, eta Xabier Euzkitze izango da aurkezlea. «Jatorri izenak 25 urte ditu, baina mahastiak eta txakolina egiteko tradizioa askoz lehenagokoa da. Horregatik, mahastia eta txakolin ekoizpena oso egoera txarrean zegoenean hori bizirik mantentzeko lana egin zutenak omendu nahi ditugu, eurei esker baitugu egun txakolina». Jatorri izendapeneko kideen iritziz, «asko dira aitorpena merezi dutenak», baina horien guztien ordezkari bezala «Emeterio Aizpuruak eta Ulazia zenaren emazte Kresen Sanchezek jasoko dute oroigarria», azaldu du Getariako Txakolina jatorri izendapeneko lehendakari Manterolak. 25. urteurrena borobila izanda, ezinbestekoa iruditu zaie hasiera horretan bultzada eman zutenak omentzea. «80-90. hamarkadetan mahastiak galtzear izan ziren. Ekoizleak adinekoak ziren, eta urtetik urtera gero eta txakolinzale gutxiago zegoen. Taldetxo bat bildu ginen eta mahastia desagertzea nahi ez bagenuen sektoreari bultzada eman behar geniola konturatu ginen». Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten eta bertan dirua bazegoela, baina horiek jasotzeko elkartea sortu behar zutela esan zieten. Hala sortu zen Getariako Txakolina jatorri izena. «Asko ziren mahastiak zituzten baserriak, baina hasiera batean, dozena lagun bildu ginen, gutxik sinesten baikenuen kalitatezko txakolina egin genezakeenik. Urte zailak ziren, baliabide gutxi genuen eta txakolin txarra egiten zen; eta hori saltzeko arazoak izaten ziren», dio Ostolazak. Erronka berriak Lehendabiziko urratsa mahasti zaharrak konpontzea izan zen. Ordura arte mahasti baxuak zituzten, eskuz eta makurtuta landu behar zirenak. Gero, aldaketa gehiago etorri ziren, upategiak berritu zituzten eta teknikak hobetu ziren egun ezagutzen dugun txakolin ekoizpena izatera iristeraino. 25. urteurrenean txakolinak eman duen «gorakada» ospatu behar dela uste du Manterolak. «Kalitatea izan da giltza». Horrek txakolinzaleen lana espezializatzea ahalbidetu du. «Lehen, baserrietan aurrera ateratzeko, mahastiez gain baratzako ekoizpena edo abeltzantza ere egiten genuen. Orain, berriz, upategiak ditugunok normalean mahastian bakarrik lan egiten dugu, sektorea guztiz modernizatu eta profesionalizatu da». Hamabik hasi zuten ibilbidea, eta egun 28 upategik osatzen dute elkartea. Azken 25 urteetan «lan asko eta ondo» egin dute txakolingileek, baina aurrera egin nahi bada horrela jarraitu behar dela argi dute. «Orain arte mahastiak eta upategiak hobetzen lan asko egin dugu. Orain urrats bat aurrera eman eta negozio aukerak zabaltzen saiatu behar dugu. Euskal Herrian txakolin kontsumoa ez doa gora; beraz, merkatu berriak aurkitu behar ditugu. Upategi bakoitzak dituen baliabideekin esportatzen hasi gara». Oso lan zaila da, ordea, txakolindegi handienak ere mundu mailan oso txikiak baitira. «Guk mahastian egin dugu lana. Mahasti zaharretik mahasti berrira etorri gara eta gure ondorengoek txakolina mundura atera beharko dute. Hori da etorkizuneko erronka».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide