Katukale Irakurle Taldearen aldeko bertso saioa antolatu dute hilaren 26rako Getarian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 12a

[caption id="attachment_108429" align="aligncenter" width="300"]Uxue Alberdik gidatzen duen Zumaiako irakurle taldearen argazkia. (Egilea: Uxue Alberdi) Uxue Alberdik gidatzen duen Zumaiako irakurle taldearen argazkia. (Egilea: Uxue Alberdi)[/caption] Katukale Irakurle Taldeak laugarren ikasturtea abiatuko du irailaren 25ean, eta taldearentzat babes ekonomikoa lortzeko eta beren jarduna gizarteratzeko asmoz bertso saio bat antolatu dute. Amets Arzallusek, Onintza Enbeitak, Beñat Gaztelumendik eta Miren Amurizak parte hartuko dute bertan, eta Katukale taldeko gidari eta bertsolari Uxue Alberdi izango da gai-jartzailea. «Gaur egun 15 lagunetik gora biltzen gara hilero, eta literaturaz eta literaturatik abiatuta sortzen zaizkigun beste hamaika gairi buruz jarduten gara», azaldu du Alberdik. Irakurle talde osoak parte hartu du bertso saioaren antolakuntzan ere. «Gaiak proposatzen, aretoa bilatzen eta apaintzen nahiz bertsolarientzat opariak prestatzen, musutruk kantatuko baitute. Taldeko kide bakoitzak duenetik zerbait jarriko du, batek txakolin botilak, beste batek antxoa poteak, nik liburuak... eta oparitxo guztiak bilduta, otartxoak osatuko ditugu bertsolariei oparitzeko», zehaztu du Alberdik. Katukale Irakurle Taldearen aldeko bertso saioa irailaren 26an izango da Iturzaeta Eskolako areto nagusian, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte. Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan. Alderdi ekonomikoaz gain, irakurle taldea ezagutzera eman nahi dute ekimenarekin. «Batzuk ez dakite herrian irakurle talde bat dagoenik, eta dakitenek ez dakite zer egiten dugun. Erreferentzialtasuna lortu nahi dugu. Horregatik, bertso saioko sarreretan ikasturtean zehar irakurriko ditugun liburuen eta etorriko diren idazleen zerrenda azalduko dugu». Horretaz gain, saioaren aurkezpenean taldearen funtzionamendua ere azalduko diete entzuleei. Irakurzale giroa herrian Katukale Irakurle Taldea hilean behin biltzen da hilabetean zehar irakurri duten liburuaz hitz egin eta horrek sortutako sentsazioak partekatzeko asmoz. Modu horretan, irakurzaletasuna sustatu, hobeto irakurtzen ikasi, hainbat gairen inguruan ikuspuntuak partekatu eta idazleen lana, esperientziak eta egiteko moduak ezagutarazi nahi dituzte. «Irakurketa bakarka egiten dugun jarduera bat da, eta normalean ez ditugu ezagutzen irakurtzea atsegin duten herritarrak. Taldea izanda, elkar ezagutzen dugu, eta hileroko saioez gain, egunerokoan ere taldekideok kalean topatzen garenean ere liburuaz aritzen gara», azaldu du Alberdik. Gainera, bi hilabetetik behin, liburua komentatzeaz gain, idazlearekin biltzen dira. «Gure txikitasunak aukera ematen digu idazleak ezagutzeko eta beraiekin liburuak komentatzeko. Hori ezinezkoa izango litzateke Espainiako edo Frantziako literaturan, esaterako». Taldeak laugarren ikasturtea beteko du aurten, eta Uxue Alberdiren iritziz «giro polita» lortu dute. «Getariako, Zumaiako eta Lasarteko irakurle taldeak gidatzen ditut, eta konturatu naiz irakurle talde batek 2-3 urte behar izaten dituela talde izaera lortzeko. Hasieran, parte-hartzaileei lotsa ematen die norberaren emozioez hitz egitea. Denborarekin, ordea, konfiantza giroa sortzen da, eta oso giro atsegina lortu dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide