Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1522an bezala, iritsi da Elkano Sanlucar de Barramedara beste behin. Atzo arratsaldean lehorreratu zen Getariako portuan, hamazazpi marinelekin, munduari itzulia eman zion itsasgizona. Bertan ongietorria egin zioten Eusko Jaurlaritzako, aldundiko eta Getariako Udaleko ordezkariek balentria historikoa egin zuen tripulazioari. Libre zioen zapia zeramaten agintari gehienek, tartean Nika Lertxundi alkateak.
Elkano lurrean belaunikatu zen jaioterria zapaldu orduko, eta gero bere marinelekin herrian barrena ibilbidea osatu zuten arropa zaharkituak soinean, erabat nekatuta eta kandelak eskuetan zituztela. Eguzki galdatan egin zuten bidea, ikuskizunaz gozatzera gerturatu zen jendetza baten erdian. Ibilbidea udaletxean amaitu arren, Balentziaga museora erretiratu ziren. Lehorreratzearen lehenengo zatia Salbatore Deunaren elizara iritsitakoan bukatu zuten. Antiguako Amabirjinaren aurrean belaunikatu ziren han. Bigarren zatian, Elkanok Carlos I. enperadoreari egindako bisita antzeztu zuten. Tripulazioa bost kontinenteetako ordezkariekin enperadorearengana joan, eta honek Primus circundedisti me jartzen duen blasoia eman zion Elkanori.
Amaitzeko, hirugarren zatian, herritarrek ongietorria egin zieten, Gora Elkano ereserkia kantatuz: «Gora Elkano!/ Gora ta gora/Getariar gizon sendoa, /izan zinan ba/ludi guziya/biratu zuen lenengoa (...)»
Goizetik dena prest
Aginduak ematen ari zen Manuel Gorostiaga atzo goizean goizetik. Badirudi Elkanoren pertsonalitatea barruraino sartua duela getariarrak, lehorreratzean parte hartzen duten gainerako herritarrei banderak non jarri behar ziren eta beste hainbat argibide ematen aritu baitzen. 11:00etarako Nao Victoria prestatzen hasia zen eskifaia; Euskal Herriko Unibertsitatearen Saltillo eskola itsasontzia erabiltzen dute lehorreratzea antzezteko, eta garaiko apaingarriz atontzen dute belaontzia.
1922an antzeztu zuten lehen aldiz Joan Sebastian Elkanoren lehorreratzea. Hasieran urtero egiten bazuten ere, azken hamarkadetan lau urtetik behin egin izan dute, eta irizpide horri jarraiki, iaz egin behar zen berez. 2022an mendeurrena beteko da, ordea, Joan Sebastian Elkanok munduari bira eman ostean Sanlucar de Barramendan lehorreratu zela. Eta 2026an itsasgizona hil zela 500 urte beteko dira. Bi urte horiek kontuan hartuta, iazko ekitaldia urtebete atzeratzea erabaki zuten.