Ohorezko agur hunkigarria egin dute gaur Getarian

Aritz Mutiozabal 2014ko abuztuaren 6a

Salbatore Eguneko aurreskuaren ondoren, udaleko zinegotzi guztiak besarkatu ditu alkateak. (Amaia Ventas/Hitza) "Legealdiko azken aurreskua izango dugu, eta herritar guztiei eskaini nahiko nioke, baina, batik bat, familiakoei. Politikak denbora asko kentzen du, eta denbora hori haiei lapurtzen diegu". Erabat hunkituta hitz egin du Getariako alkate Nika Lertxundik, Salbatore Deunaren Eguneko alkatearen ohorezko aurreskua egin aurretik, gaur eguerdian. Lertxundi, aurreskuaren une batean (A.V./Hitza) Jarraian txistuaren doinua hasi da, eta Lertxundik agur-dantzari ekin dio Gudarien enparantzan, herritarren aurrean. Bukatu bezain pronto, emazteari musu eman dio, jendearen txalo artean, eta udalbatzako zinegotzi guztiak besarkatu ditu banan-banan, baita txistulariak ere. Ekitaldi instituzionalaz gain, jai giroan jarraitzeko makina bat ekitaldi egin dira eguerdian; batetik, Getariako Musika Bandaren emanaldia izan da Berdura Plazan eta, bestetik, xake txapelketa udaletxe azpian. Arratsean pilota lehiako finalak, pailazoak eta kantu-jira izan dira, eta jada gauez musikaz blai bustiko da Salbatore, biharko Elkanoren Lehorreratzearen zain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide