Gurutze Gorriko, Kutxa Gizarte Ekintzako, Getariako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek aurkeztu dute oztoporik gabeko bainu zerbitzua. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Mugikortasun arazoak dituzten herritarren gizarteratzea eta aisialdia hobetzeko oztoporik gabeko bainua eskaintzen dute Getariako Malkorbe hondartzan. Getariako Udalak, Gurutze Gorriak, Kutxako Gizarte Ekintza Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu dute beste urte batez egitasmoa eta eskualdeko eta Gipuzkoako herritarren artean "harrera ona" izaten ari dela azaldu dute arduradunek. Nika Lertxundi Getariako alkatearen esanetan, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat hondartza aproposa da Malkorbe. "Malkorbeko hondartzak baldintza ezinhobeak eskaintzen ditu mugikortasun arazoak dituzten pertsonek bainu egokitua hartu dezaten. Alde batetik, itsaso barea du Malkorbek egunero. Bestetik, 100 metroren bueltan aparkaleku eta aldagela egokitua ere baditu eta hondartza zabala ez denez, ez da ibilbide luzerik egin behar ur ertzera iristeko» azaldu du. Zerbitzua mugikortasun arazoak dituen herritar ororentzat dago pentsatua, "ez ezintasun fisikoak dituztenentzat bakarrik" zehaztu dute.
Bainu egokitua hartu nahi duten herritarrek Getariako Gurutze Gorriko egoitzara, 617-45 21 53 hots egin dezakete zerbitzuaren berri izateko edo hitzordua hartzeko. Bestela, egunean zehar Malkorbe hondartzako Gurutze Gorriaren egoitzara agertu eta bainu egokitua hartu nahi dutela esan besterik ez dute egin behar. "Prestatutako bi sorosle ditugu zerbitzu hori eskaintzeko eta normalean bazkal orduan ez etortzeko gomendatzen diegu herritarrei, ordu horretan sorosle gutxiago izaten ditugulako lanean" zehaztu dute.